Covid-19ak itzi deuskun hezkuntza-erronka udara arte luzatu da. Ezinbestekoa da ikasgaiak sendotzea? Etxeko lanak udan? Udaldiaren hasierako ohiko galderak dira, eta zer esanik ez aurton, hiru hilebeteko bakartzearen eta on-line hezkuntzaren ondoren.
Lehenengo eta behin, familia bakotxak, ikasle bakotxak, bere tutorearen argibideak kontuan hartuko ditu. Ondoren, ezinbestekoa da hezkuntza-ohitura batzuei eustea –irakurketa nahitaezkoa da-; familietan, gainera, neska-mutikoei jokaera hezitzaileak jadesten lagunduko deutsien jardunbideak sustatuko dira.
Hain zuzen be, haurraren adinaren, errendimenduaren edo gaitasunaren arabera, guztiz baliagarrian izan daitekezan askotariko jarduera hezitzaileak dagoz. EBI Eleizbarrutiko ikastetxeen saretik uda honetarako guztiz probetxugarriak diran ikaskuntzarako zazpi esperientzia aurkeztu gura doguz.
1.- Irakurketa. Adituak bat datoz irakurketak udan nahitaezko jarduera izan behar dauala esatean. Egunero, adinaren arabera, ordu laurdenetik ordubetera irakurtea funtsezkoa da hiztegi aberatsa izateko eta ulermena lantzeko.
2.- Udako koadernoak. Ikaslearen tutore edo irakasleak errefortzurako gomendatu ezkero dira egokiak. Ez dira gomendagarriak arrazoi pedagogiko barik. Era berean, errefortzurako eskoletara joatea orientabide psikopedagogikoz bada izango da baliagarri.
3.- Joko didaktikoak. Joko didaktiko entretenigarri asko eta asko dago, esate baterako, xakea, kartak, kontzeptu matematikoak, lexikoak, ulermena… lantzeko.
4.- Kultura. Museo, liburutegi, uri… bat bisitatu. Oporrek ikasteko be balio leikie.
5.- Eskulanek, sukaldaritza-errezetek, motrizitate ariketek, ikaskuntza-erronkek, sormena sustatzen dabe eta etxeko lan egoki, eta dibertigarri, bihurtu daitekez.
6.- Familia da, zalantza barik, ikaskuntza-iturri nagusia udaldian. Familiaren eskutik garatutako edozein jarduera ikasgai bihurtzen da.
7.- Kanpoko hizkuntza entzun eta mintzatu aukera dagoanean. Atzerrira joan edo hemen atzerrikoekin hartu-emona izan ezkero, egokia da entzumena eta mintzamena lantzea.