“Muga bako tailerrak” Sopuertako San Viator eleizbarrutiko ikastetxearen egitasmoari ekintzaile-saria emon deutse TKnika erakundeak enpresa-sortzaileei emoten deutsen lehiaketaren XIV. Ekitaldian. “Muga bako tailerrak” ‘Automobilgintza G.S.’ dalako ikasleek garatutako egitasmoaren helburua Marokoko hainbat eskoletara bizikletak eta bizikletak konpontzeko tailerra eraikitzeko material nahiko eroatea eta hango jenteari heziketa eskaintzea, konponpeta mekaniko txikiak egiteko gauza izan daitezan.
Marokon ospatzen dan ‘Uniraid 2020’ raid solidarioan parte hartzean sortu zan. Dalako raid horren aurreko ekitaldietan ikusitako beharrizanei erantzuna emoteko aukera aztertu zan, hain zuzen be, herrixka batzuetatik eskolara joateko arazoa konpontzeko. Helburua lortzeko, “Muga bako tailerrak” ‘Ikasenpresa’ irabazi asmo bako kooperatiba sortu zan. Materialak, bizikletak jasoten, egitasmoa komunikabideetan agertzera emoten, dirua, prestakuntza,… lortzen aritu dira.
Eusko Jaurlaritzak enpresa-sortzaileei emoten deutsezan laguntzen bidez finantzatu zan heziketarako ikastaroa egiteko materiala. Konponketak egiteko eta eskoletan tailerra ezartzeko prestatzea zan helburua. Bizikletei dagokienez, dei egin jaken ikastetxeko familia, ikasle eta irakaslei eta baita partikularrei be. Bizikletak konpontzeko berariazko heziketa ‘Demobike’ etxeak emon eutsen.
Ikastetxetik nabarmentzen dabenez, ekintzaile-egitasmo hau aurrera eroatea ezinezkoa izango eitekean “Uniraid 2020 dalakoan parte hartu eben automobilgintzako zortzi ikasleen eta ekitaldi hau diruz lagundu daben enpresa, erakunde eta denden lankidetza barik”.
San Viator ikastegiak, Lanbide Heziketako ekintzaile-arloa sustatzen dau egitarau bitan oinarrituta: ‘Ikasenpresa’ ekintzaile-sena suspertzeko eta ‘Urratsbat’ enpresak sortzeko.