Txomin Agirre Ikastola: agur betirako agur

AGUR, BETIRAKO AGUR

Aurten, ikasturtearen amaierarekin batera, ikastolaren itxiera ere badator, guztion zoritxarrerako, guztion tristurarako. Heldu da, inork iristea nahi ez genuen eguna.

Azken 50 urteetan zehar, herriko milaka eta milaka ume, gazte eta familientzako hezkuntza etxe izan den Txomin Agirre Ikastolako ateak itxiko ditugu, min handiz.

Irakasleen, ikasleen, sukaldarien, garbitzaileen, gurasoen eta oro har, langile guztien Ikastolarekiko konpromiso maila, azken egunera arte, erabatekoa izan dela azpimarratu eta eskertu nahiko nuke. Oztopoak oztopo, guztion lanari, guztion esfortzuari esker, Ikastola, Lea-Artibai zein Bizkaiko ikastetxerik berritzailenetakoa izatea lortu dugu.

Gizartea aldatzen doa, Ondarroa aldatzen doa. Hezkuntza-neurri ugari hartu ditugu azken urteetako jaiotza-tasaren jaitsiera etengabekoari aurre egiteko, baina jasangarritasunak baditu bere mugak, muturrera eta haratago eraman arren.

Zalantza gabe, gogoetarako eguna da, hezkuntza sistema osatzen dugunok zein Txomin Agirre Ikastolako kide diren eta izan diren langile, irakasle, irakasle ohi, ikasle edota ikasle ohientzako hausnarketa egun sakona da, edo hala izan beharko luke behintzat nire ustez.

Uneoro, ikasleen garapen osoa bilatu nahi izan dugu. Zintzotasunez eta profesionaltasunez egin dugu. Ikastolak asko eman dio Ondarroari eta herriak hutsa nabarituko du. “Pena” hitza ahoz aho ibili da azken hilabateetan. Zenbat istorio, zenbat esperientzia, zenbat bizipen, zenbat poztasun eta batez ere, zenbat maitasun gordetzen duten ikastolako paretek. Orain egun batzuk, guraso batek esan zidan moduan, “hemen bezala, ez dituzte beste inon zainduko”. Mezu horrekin geratzen naiz.

Sentimendu eta emozio hauek suntsiezinak dira, hauei ezin zaie aterik itxi, horregatik gurekin eramango ditugu bihotzean bizitza guztirako.

Gure kantuak dioen moduan, “agur, agur, agur, agur betirako agur”.

Zuzendaritza taldea.

Comparte