EBI sareko ikastetxeek zuhurtziaz, banan-banako arretaz eta aurrera egiteko ilusinoaz ekingo deutse kurtso barriari

Pandemiaren eraginpean heldu gara ikasturte honen hasierara be. Iazko esperientzia positiboa gogoan, baina ikastetxeetan zuhurtziaz eta kontuz jokatu behar dogula jakinda. Horixe ulertarazoten deuskue Eusko Jaurlaritzak agindutako protokoloek eta horixe txertatu nahi izan dabe Eleizbarrutiko sareko ikastetxeetan. Covid-19ak gure artean jarraitzen dau eta ikastetxe eta ikastolek eredu izan behar dabe, beste behin be, pandemiaren aurrean.

Baina, EBI sareko ikastetxeek aurreko ikasturteko ikaskuntza eta esperientzia positiboa dabez. Aurton, aldaketa esanguratsu bi gehitu behar doguz. Alde batetik, 12 urtetik gorakoen txertaketa aurreratua –ikasturteak aurrera egin ahala lagungarri izango dalakoan gagoz- eta, bestetik, eskolaz kanpoko ekintzen, besteak beste eskola-kirolaren, itzulera. Bakarka zein taldean egindako ariketa fisikoa, kirolak transmititzen dituan balioakaz batera, ezinbesteko kontzeptu dira ikastetxe eta ikastoletan behar beste denpora eskaintzeko.

Ezin dogu ahaztu aurreko ikasturtearen hainbat irakaspen. Online eskolak, hainbat kasutan aukerarik onena ez izanda be, lagungarri izan daitekez konfinatuta dagozan ikasleen kasuan edo heziketarako jardunaldietan dagozan irakasleen bileretan… Ez dau emonen online ikaskuntza eta hartu-emona berehalakoan desagertuko diranik.

Datozan hilabeteetan, eta pandemiaren bilakaeraren zain, Eleizbarrutiko ikastetxeek aparteko arreta eskainiko deutse umeen eta nerabeen kudeaketa emozionalari. Eskola-aldi eta ikastaldian, ezinbestekoa dalankidetza, beste batzukaz batera ikastea eta talde-lana lehenestea. Osasun-protokoloek agindutakora moldatzen ahaleginduko gara, beti be zuhurtziaz jokatuz, hezkuntza alkarte osoak faltan botaten dauan normaltasunerantz jo ahal izateko.

Ondo etorri ikasturte barri honetara!

Comparte