Zedro baten kimua landatu dabe Somorrostro ikastegiaren 75. urteurrena ospatzeko ekitaldien hasieran

1947.eko otsailaren 3an, Somorrostro ikastegiak akademia eta giza jarduerari ekin eutsan hogeta hamar ikasle eta hiru irakaslekaz, Marcelo Gangoiti abadea buru zala. Hori dala-eta, ekitaldi sinbolikoa ospatu da 75. urteurrena ospatzeko prestatu diran ekitaldiei hasiera emoteko. Eleizbarrutiko ikastetxeko lau ikaslek eskolaren inguruan dagozan zedro zaharretako baten kimua landatu dabe. Kerman Lopez Marcelo Gangoiti Fundazinoko patrono eta Eleizbarrutiko bikario nagusiak Marcelo, Jose Maria Arizmendiarrieta edo Jose Miguel Barandiaran bezalako abadeen garrantzia azpimarratu dau: “herria ondo zerbitzatzen ikasi eben, zerbitzatzen eta gerra osteko sasoi haretan gaitasun profesionala lortzeko zailtasunak ebezan pertsonei heziketa ahalbideratzeko”.

Gaur goizez Somorrostro ikastegian ospatu dan ekitaldian jente gitxik parte hartu dau, Javier Laiseca zuzendariaren esanetan, “osasun-egoerak holan behartuta”. Zuzendariagaz batera, Ainara Leiba Muskizeko alkatea, Urtzi Alea kultura zinegotzia, Javier Garcia ingurumen zinegotzia eta Jose Luis Jimenez Fundazinoaren batzordeko kidea izan dira.

Lehenengo kurtsoko hainbat ikaslek landatu dabe zedro-kimua, jatorrian Villarias markesak, lursailak ikastegia eraikitzeko dohaintzan emon ebazanak, euki ebanetik hartuta. Ikastegitik nabarmendu dabenez, “lau ikasleek gainerako guztiak ordezkatu dabez ekitaldi honetan. Azken batean, On Marceloren egitasmoa, oraindik bizirik dana, belaunaldi barriei egokituta ezagutzera emotea eta eskaintzea da gure xedea”.

Hainbat jarduera kurtsoan zehar

Muskizeko alkatea harro agertu da ekitaldian udalerri osoaren ordezkari izateagaitik. Ehun urtetik gora dauan zuhaitzaren kimua landatu dabe ikasle gazteek eta alkatearen esanetan, “horrek zera erakusten dau: egitasmo honek badauala etorkizunik”.

Javier Garcia ingurumen zinegotziak eta Somorrostro ikastegiko ikasle ohiak zorionak emon deutsoz ikastegiari eta “Muskizen eta eskualde osoan ondo finkatuta” dagoan egitasmoari. Bere esanetan, “gaur landatu dogun kimuaren antzera, bizitza luzea opa deutsagu”.

Ikastegiko zuzendariak emon deutso amaiera ekitaldiari: “gaur ikastegi honek bere konpromisoari eutsiko deutsala berretsi gura dogu: gizarte eragile izan inguruko herritarren bizimodua hobetu ahal izateko”.

Comparte