Zabalik dago epea Bilboko Elizbarrutiko Kultur Erakundeen Mahaiak EBI ikastegietarako antolatzen dauan Jazotakoa Jaso V. bideoklip lehiaketan bozkatzeko. Aurten, ekologia integrala eta etxe komunaren zaintza da gaia.
Bozketak popularrena hautatzeko martiaren 16tik 24ra izango dira eta epaimahaiaren erabakia martiaren 25ean jakinaraziko da.
Ikastetxe bakotxak gehienez 3 bideo aurkeztu leikez kategoria bakotxean: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilegoa eta Gela egonkorra / curriculum-dibertsifikatzea. Bideoak taldean prestatu behar dira eta, besteak beste, zera baloratuko da: originaltasuna, diziplinartekotasuna, hizkuntzaren erabilera zuzena, gidoiaren kalidadea eta grabazinoaren kalidadea.
Santiago Larrañagak (BAMeko zuzendaria), Galo Bilbaok (osoko Ekologiarako arduradun eta Karidade eta Zuzentasunerako kide) eta Igone Etxebarriak (Labayru Fundazinoko zuzendaria) osatutako epaimahaiak erabakiko dau sariak nori emon. Arlo honeetan emongo dira sariak: kategoria bakotxeko bideorik onena; euskeraren erabilerarik egokiena; diziplinartekotasuna eta aurkeztutako bideorik onena. On-line bozkatuz, jenteak bideorik gustukoena aukeratuko dau. Sari-banaketa, 2022ko martxoaren azken astean ospatuko da osasun-egoeraren araberako formaturik egokienean.
Ekitaldi honen inguruan gehiago jakiteko eta aurreko urteetan aurkeztutako bideoak ikusteko, hemen.