Somorrostro Irakas-guneak Marcelo Gangoiti saria emon deutso Ingeteam Convertersi

Ingeteam Converters, itsas eta trenbide sektorean munduko erreferentea, izan da XXIX Marcelo Gangoiti Sariaren irabazlea. Sari banaketa bariku honetan egin da Somorrostro Irakas-gunean, urtero egiten dan bezala, Eusko Jaurlaritzaren, SPRIren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta CEBEKen laguntzagaz.

Saria emoteko ekitaldiaren buru Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia izan da, eta erakunde eta enpresa ordezkaritza zabala izan da. Holan, ekitaldian Kerman López, elizbarrutiko bikario nagusi eta Begoña Pedrosa, Hezkuntza sailburu egon dira, beste askoren artean.

Somorrostro Prestakuntza Ikastegiak, Marcelo Gangoiti sariaren bidez, enpresek zonaldearen suspertze ekonomikoaren alde egindako apustua aitortzen dau. Inbertsio sorkuntzaren aldeko apustua, barrikuntza edo gizarte erantzukizuna dira epaimahaiak enpresa irabazleari buruz azpimarratzen dabezan alderdietako batzuk.

Zehazki, epaimahaiak bereziki balorau dau enpresak Ezkerraldean eta Meatzaldean gizarte kohesiorako eta kalitatezko enplegurako motor gisa dauan eginkizuna, eta Lanbide Heziketako ikastetxeekaz izan dauan lankidetza tokiko talentua indartzeko, industria birkualifikatzeko plana eta bardintasunaren eta industria arloan aniztasunaren aldeko apustu sendoa egin dauela nabarmendu dau.

“Sari honek enpresaren mundua eta hezkuntzarena alkarregaz ibiltzen dirala berresten dau, eta Bizkaiko elizak mundua zelan ikusten dauan be zehazten dau”, adierazi dau Kerman Lópezek, Bilboko bikario nagusiak.

Gainera, Etxanobek sari horren garrantzia azpimarratu dau, eta baita lurraldeko ekonomia sustatzeko erakundeen arteko lankidetzak dauan garrantzia.