Somorrostro Ikastetxeak Lanbide Heziketako Barrikuntza Proiektuen II. Azoka hartu dau. Ekimen horretan, Estatu osoko LHko ikastetxeek, EBI Elizbarrutiko Ikastetxeak sareko prestakuntza-zentroaren lidergoagaz, gradu teknologikoekaz lotutako 21 proiektu aurkeztu dabez, eta, ikasturte honetatik aurrera, ikasgeletara eroan ahal izango dabez ikasteko modu gisa.
Ekimena Hezkuntza Ministeriotik abiatzen da, NextGenerationEU – Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, eta hainbat enpresaren lankidetza be badau. Holan, Estatu osoko LHko hogei bat ikastetxetako irakasleak Somorrostro Prestakuntza Zentroagaz lankidetzan aritu dira azken bi urteetan garatu diran proiektu bakoitzean.
Aurkeztutako proiektuek arlo estrategikoak hartzen dabez barne, halan zelan energia barriztagarriak, robotika, adimen artifiziala, automatizazio industriala, 5G sareak, errealitate birtuala edo digitalizazio industriala, eta aukera emoten dabe ikasgelara 4.0 industriako teknologia barriak helarazteko.
Proiektuen artean, honako proposamen honeek dagoz: elektrizitatea sortzeko simulagailuak, kirol-ekitaldietarako 5G sare pribatuak, logistika industrialerako robot autonomoak, errealitate areagotuko mantentze-sistemak edo hodeian zabaldutako adimen artifizialeko irtenbideak.
Horreek guztiek aplikazio praktikoa izango dabe graduetan, halan zelan Fabrikazio Mekanikoa, Elektrizitatea eta Elektronika, Energia, Telekomunikazioak, Automatizazioa eta Robotika edo Informatika.
Somorrostroko azokan, gainera, ikastetxeko Lanbide Heziketako, DBHko eta Batxilergoko 1.000 ikasle baino gehiagok parte hartu dabe, eta bertatik bertara ezagutu dabez proiektu horreek, mundu profesinonala eraldatzen ari diran teknologietara hurbiltzeko.
Ekimen horren bidez, bai EBIk bai Somorrostro Ikastetxeak berretsi egiten dabe Lanbide Heziketa barritzailearekiko konpromisoa, enpresagaz lotuta eta etorkizuneko erronka teknologikoetara bideratuta dagoena.





