“Singapur matematatika metodoa esanguratsua da ikasleentzat; matematikak sentitu eta ikutu daikiez”

Matematika Singapur metodoa EBI Elizbarrutiko Ikastetxeak sarean zabaldu da. Munduan aitorpenik handiena lortu dutenetako bat da. Lanean darabiltzagun askotariko metodologia berritzaileetako bat da. Izan ere, hezkuntza ezin da da geldirik egon:

Jokin Kamiruaga Singapur metodologiaren koordinatzailea da Begoñazpi Ikastolan.

Zergaitik sartu da Singapur metodoa ikasgeletan?

Begoñazpi Ikastolan hausnarketa egin genduan ikasleen gaitasun logiko-matematikoa hobetzeko. Eskola saioetan robotika eta xakea sartu eta gero, Haur Hezkuntzatik hasita,
ulermenerako irakaskuntzaren alorragaz antzeko ezaugarri pedagogikoak ebazan matematika-metodo bat bilatu genduan. Hainbat metodo aztertu ondoren, Singapur metodoaren alde egitea erabaki genduan.

Zein abantaila dauz ikasleentzat?

Metodo honek proposatzen dauan aldaketa nagusietako bat Jerome Brunerren ‘CPA’ ikuspegia da, hau da, kontzeptu matematikoen ulermena sartzen da konkretu-piktoriko-abstrakto progresioaren bitartez, non manipulazio konkretuak berebiziko garrantzia dauan. Modu honetan, konkretutik abiatzen gara, ikasleentzat esanguratsua dana eta ezagutzen dabena  hartzen dogu abiapuntutzat. Ikasleek matematikak sentitu eta ikutu daikiez. Irudikapen piktorikoetatik igarota abstrakziora heltzen dira. Beste aldaketetako bat arreta ulermen kontzeptualean jartzean datza, erantzunean jarri beharrean, funtsezkoa baita ikaskuntza eraginkorra lortzeko. Prozesuak buruz ikasi baino, ulermena nabarmentzen da.

Matematika izan ohi da neska-mutilentzako ikasgai gogorretako bat. Metodo honegaz euren pertzepzioa aldatzen da?

Orokorrean, Haur Hezkuntzako ze umeri ez jakoz matematikak gustatzen? Zergaitik hasten da Lehen Hezkuntzan zailtasun batzuk izaten? Ume askok esango deuskue ez dabezala matematikak ulertzen, konplexuak dirazala eurentzat. Hortxe jartzen da arreta, metodo honetan, matematiken berezko kontzeptuak eta gaitasunak lantzeaz gain, pentsamenduaren garapenerako prozesu giltzarriak, metakognizioa eta ikasleen jarrera jakin batzuen sustapena nabarmentzen dira, arazoen ebazpena ardatz nagusi izanik.

Zer egin dozue irakasleek metodo hau sartu ahal izateko?

Irakasleen prestakuntza funtsezkoa da. Metodoa ikastolan sartu baino lehen, etapa bakoitzeko irakasle bat Marshall Cavendish Instituteko ikastaro ofizialetan trebatu zan. Ondoren, irakasle horiek izan dira ikastolan euren lankideak trebatzeaz arduratu diranak. Gainera, astero, jarraipena egiten dogu ikasgeletan eta batzarrak egiten doguz gelako lana koordinatzeko.

Nola egokitu dozue metodo hau ikastolaren eredu globalean?

Metodo hau oso lotuta dago ulermenerako irakaskuntzaren alorragaz, eta ikastolak azken urteotan garatzen ari dan aldaketa metodologikoaren beste adibide bat baino ez da. Horrez gain, pentsamendu gaitasunak eta adimen logiko-matematikoa lantzeko, ikastolan robotika eta xakea be emoten dogu.

Comparte