Azken asteotan, EBI ikastetxeek eta bertako ikasleek literatura, barrikuntza, ekintzailetza… aintzatespenak jaso dabez, lanean jarraitzera animatzen gaituenak.
Azken asteotan, EBI ikastetxe askok eta bertako ikasleek hainbat sari jaso dabez, besteak beste, literaturaren, barrikuntzaren, ekintzailetzaren, berdintasunaren eta ingurumen kontzientziaren inguruko hezkuntza-gaietan egindako lanagaitik.
Baina, ikasturte oso baten etengabeko lana eskertzen daben errekonozimendu horien guztien atzean, etorkizunari be erreparatzen jako. Horregaitik, sariak hezkuntza-lanari bultzada bat dira, ikasleentzat zein irakasleentzat motibazio aparta etengabeko hobekuntzari begira.
Hemen, adibide batzuk.
Bilboko Artxandape Ikastolako bi ikaslek sari bana eskuratu dabe Mikoleta lehiaketan, Bilboko Udalak antolatutako eta 8 eta 16 urte bitarteko ikasleei zuzendutako eskolarteko euskarazko ipuin lehiaketan. Euskara bultzatzea, irakurtzea eta idaztea dagoz sari honen atzean, eta, beste behin, lanean jarraitzera bultzatzen dauz ikasleak.
Era berean, San Fidel Ikastolako bi ikaslek sariak lortu dabez ‘Bizkaidatz Txikia’ literatur lehiaketan. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen dau lehiaketa, haur eta gazteen literatura, irakurketa eta idazketa sustatzeko. Funtsezko erronka gaur egungo hezkuntzan.
Ingelesa ikastearen inguruan, EBI sareko bi ikastetxe, Markinako BeraKruz Ikastola eta Bilboko Begoñazpi Ikastola, Spelling Bee estatu mailako ingelesezko letreiatze lehiaketako finalera pasa ziran.
Somorrostro Heziketa Ikastegiak bi sari lortu ebazan Elhuyar Zientzia Azokan, benetako arazoen konponbide sortzaileak saritzen dauazan lehiaketa zientifikoan, oraingoan, ingurumenarekin zerikusia izan dabenak. San Fidel Ikastolak, halaber, sari bat be eskuratu eban Zientzia Azokaren 2023. edizioan, non Euskadiko hamaika ikastetxe aurkezten diran.
Gainera, Somorrostrok Barrikuntzako lehen saria be irabazi eban, eta hirugarrena Euskelek lehiaketaren sailkapen globalean. Bertan, ikasleek auto elektriko bat eraikitzen dabe eta harekin lehiatzen dira errendimendu energetiko handiena bilatzeko.
Ekintzailetzaren inguruan, Artxandape Ikastolako DBHko ikasleek akzesit bat lortu dabe Bizkaiko Foru Aldundiaren Egin eta Ekin programan, ikastetxeetan ezinbestekoa dan kultura ekintzailea nabarmentzen dauana.
Ekintzailetzako beste sari bat Begoñazpiko ikasle batentzat izan da, EHUk antolatutako Ekonomia Olinpiadan sari bat lortu dauana.
Sari garrantzitsua, gainera, San Viator Ikastetxearentzat: Ikastetxeko Hezkidetza Arloa “Ekanterri Berdintasunaren aldeko eskualdea” sarien lehen edizio honetan saritu dabe, bardintasunaren alde egindako lanagaitik.
Zorionak Guztioi!