San Viatorrek bere instalazio barriak inauguratu dauz, gorabidean dagozan sektoreetako prestakuntza eskaerari erantzuteko

Sopuertako San Viator Ikastetxeak bere instalazio barriak inauguratu dauz astelehen honetan. Barrikuntza sakonari esker, prestakuntza-zikloak modernizatu eta gradu barriak abiarazi dauz, gorabidean dagozan sektoreen eskaerari erantzuteko. Horretarako, gainera, ekipamendu barritzailea eta aurreratua gehitu da, hala nola 3D inprimaketako laborategiak, baso-robotak, fabrikazio mekaniko konektatuko tresna eta elektromugikortasunekoa, prestakuntzarako beste elementu batzuen artean.

Eusko Jaurlaritzagaz izandako lankidetzari esker, Berpiztu programaren bidez, ikastetxeak eraikin barri bat eraiki dau eta beste bat zaharbarritu dau hiru gradu barri gehitzeko: “Ibilgailu elektrikoen mantentze-lanetako espezializazioa”, “Basoaren eta natura-ingurunearen kudeaketa” eta “Mendekotasun-egoeran dagozen pertsonentzako arreta”.

Joseba Segura Bilboko gotzainak, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak, Ainara Basurko Ekonomi Sustapeneko foru diputatuak eta Enkarterriko alkateek, besteak beste, instalazio barriak bisitatu dabez . Gradu barriekaz, ikastetxeak 1.000 ikasle baino gehiago izango dauz datorren ikasturtean.

Luciano Cearsolo San Viatorreko zuzendariak, inaugurazioan, birmoldaketa honek ikastetxearentzat zein Enkarterri osoarentzat suposatzen dauan mugarria nabarmendu dau. Izan be, zuzendariaren hitzetan, San Viator eskualdeko dinamizazio sozioekonomikoan eragile erreferentea da.

Bilboko gotzainak be erakundeen arteko lankidetza azpimarratu dau eta Gotzaitegiak azken hilabeteetan Ondarroako Arrantza Eskola eta Zeanuriko Zulaibar Campusa bezalako zentroak erabarritzeko egin dauan ahalegina gogoratu dau. Bestalde, Lanbide Heziketako sailburuordeak adierazi dau horrelako erreformek Enkarterriko eta Bizkaia osoko milaka gazteren etorkizuna hobetzen lagunduko dabela.

Comparte