San Viator Ikastetxeak alkartasun kanpaina bat jarri dau abian tetraplegiko gelditu zan gazteari laguntzeko

Sopuertako San Viator Ikastetxeak alkartasuna adierazi nahi izan deutso Ander Arteagabeitia Sopuertako gazteari, ikastetxeko ikasle ohia, pasa dan udan tetraplegiko geratu zana igerilekuan istripua izan ondoren, eta 5 hilabete  baino gehiago daroana Toledoko Tetraplegikoen Ospitalean ingresatuta.

Horregaitik, San Viatorreko ikasle, irakasle eta familiek dirua biltzeko kanpaina bat jarri dabe abian, bere errehabilitazioan laguntzeko, baina, batez be, ahalik eta animo gehien helarazteko.

Kanpainak 3.000 euro baino gehaigo biltzea lortu dau jada, baina, horrez gain, ikasle zein irakasleek hainbat formaturen bitartez babes mezuak bidaltzea lortu dau. “Txikiek marrazki pila bat egin deutsiez, alkartasun bideoak eta gutunak ere sortu doguz… Guzti hori ospitaleari bialdu deutsagu”, azaldu dau  Julen Urbina ikastetxeko Pastoral arduradunak. 

Ikasleek, espontaneoki, beste ideia batzurekin ere parte hartu dabe, bisera bat egitea bezala –Anderri asko gustatzen jakoz- animoak emoteko, edo harriak margotu eta ezkutatzea babes mezuekin.

Bai Anderrek, bai haren familiak –bere ama San Viatorreko langilea izan zan- ilusioz jaso dabe bialdutako material guztia eta hezkuntza komunitate osoak erakutsi dauan alkartasuna. Izan ere, kanpaina honek ikasleei helarazten deutsiezan alkartasuna eta baloreak funtsezko alderdiak dira ikastetxean be.

Comparte