Hezkuntza ikastolako estalkian 200 eguzki-plaka jarrita, Gernika-Lumok eguzki-energia komunitatea izango dau San Fidel Ikastolari esker. Erabiltzaileei “energia iraunkor, solidario, ekonomiko eta 0 km-koa sortzea, kontsumitzea eta partekatzea ahalbidetuko” dau ikastolak. Zehazki inguruan diran “150 etxebizitza eta saltoki hornituko dauz energia barriztagarriz, eta, gainera, hileroko faktura merkatzea ahalbidetuko deutse”. Ekimenak ingurumenari egingo deutson mesedea be azpimarragarria izango da. Atzo aurkeztutako egitasmoaren arabera “abantailak nabarmenak dira, 885 tonako CO2 isurien murrizketa dakarrelako, 25 urtez CO2 xurgatzen daben 3.500 zuhaitz landatzeak adina”.
Tokiko Energia Komunitatearen bidez San Fidel Ikastolak “lorpen bikoitza gauzatzen dau: batetik, Gernika-Lumoko lehen eguzki-energia komunitatea izango da eta, bestetik, San Fidel Ikastola tokiko energia komunitatea osatzen dauan lehen Ikastola bihurtuko dau”. Ikastolak bultzatzen dauala ekimena jakinarazi eben, “tokiko deskarbonizaziorako jarduerak biltzen dauzan Edinor Alba Petronorren eskumendekoaren laguntzaz, trantsizio energetikoko bere egitasmoen artean udal mailan Tokiko Energia Komunitateak (TEK) sustatu eta garatzea dagoz”.
Instalazioari dagokionez, 600 metro koadro izango dauz. Aipatu dabenaren arabera, eguzki-energiako 90 kW-koak dira plakak, “bere inguruan 500 metrora dagozan 150 etxebizitza energia berdez hornituko dauz autokontsumo erregimenean”. Etxebizitza honeek dira onurak izango dabezanak; Tokiko Energia Komunitatean parte hartzen dabenak “euren faktura elektrikoa murrizten dala ikusiko dabe.
Izan be, energia komunitate honetan parte hartzeak urtero faktura elektrikoaren murrizketa ekarriko dau, plaketatik kontsumitzen dan energia, etxebizitza bateko kontsumoaren %25 inguru, fakturatik deskontatzen baita, eta, gainera, ez baita horrengatik ez bidesaririk ez kargu elektrikorik ordaintzen. %25 honi dagokionez, TEK San Fidel-eko bazkideak autonomoak izango dira, energia eurena izango balitz bezala dalako eta ez dagoalako merkatuko prezioen gorabeheretara lotuta. Hornidura bermatzen da eta 25 urtera hel daitekeen epe bateko prezioa bermatzen da, hori baita plaken balio-bizitza”.