Heziketa eta Kulturarako Gotzain Batzordeak ‘Eleiza heziketan” kongresua antolatu dau urrian, kristau ikastetxeek daben eginkizunari buruzko hainbat jardunaldi eratuz. Hain zuzen be, bederatzi arlo aztertzen dira, besteak beste, irakasleen, unibertsitatearen edo familien egitekoa XXI. gizaldiko heziketaren erronkaren aurrean. Bilboko Otxarkoaga ikastegian ospatu da ‘kristau seneko lanbide heziketarako ikastegiak” jardunaldia. Raquel Perez Sanjuan da Heziketa eta Kulturarako Gotzain Batzordeko Idazkaritzako zuzendaria eta kongresuaren koordinatzailea.
Zelan garatu da kongresua?
Oso ondo. Sarean lan egiten da batzar honeetan eta Eleizbarrutietan, heziketa-arlo desbardinetan, gertatzen diran errealidade zehatzak entzuteko balio dabe. Hogei Eleizbarruti batino gehiagotan dabez ikastetxeak, guztira 330 ikastetxe baino gehiago dira eta jardunaldi honeen bidez, Eleiza lez heziketaren arloan dogun egitekoaren nondik norakoak aztertu doguz.
XXI. gizaldiko heziketari aurre egiteko erronka dala-eta, badago helburu zehatzik?
Abiapuntua ez da ideia jakin bat. Jardunaldiotan, parte hartzea sustatu gura da eta heziketaren arloko protagonistak entzun gura doguz, euren errealidade, erronka eta erronkak zuzenean ezagutu. Heziketa aztertzeko bide barria da.
Zein da abiapuntua?
Eleiza lez, heziketagaz konprometitu gura dogula dinogu. Badogu esparrua, Frantzisko aita santuaren heziketa-hitzarmen orokorra, Kultura eta Heziketarako Dikasterioaren jarraibideak, argibideak, hau da, eskola katolikoaren nortasuna alkarrizketaren kulturarako. Eta gure sustraietara bueltatu behar dogu, heziketa Eleizaren misino ebanjelizatzailearen barruan da-ta. Eta ez dogu bakarka egingo, batera doan, maila guztietan dogun aniztasuna dala-eta, parte hartzen, entzuten eta berresten dauan Eliza lez baino.
Bilboko Gotzaitegiaren menpe dagozan 17 ikastetxeek kristau balioetan eta ikaskuntzarako eredu aurreratuetan oinarritutako heziketa emoten dabe. Jarraitu beharreko eredu ete da?
Beti izan dira eredugarri guretzat eta asko baloratzen dogu Bilboko Eleizbarrutien errealidadea. EBI sarearen jardunbidea eredugarri izan dogu, maila pedagogikoan garatutako egitasmo estrategikoengaitik, punta-puntako ikastetxeak diralako, eta baita kristau idearioa garatzeagaitik be. Ebanjelioa, heziketa-jarduera osoa egituratzen dauan zeharkako lerroa da-eta.
Lanbide Heziketa be aztergai da kongresuan.
Bai, LHaren gertuko jarraipena egin gura dogu. Gotzain Batzordearen ustez, egiteko honi heldu beharra dago. Kristau seneko LH ikastegi asko dago, punta-puntakoak gainera, eta horregaitik eskertzekoa da Otxarkoaga ikastegiko jardunaldia.