- Euskal hezkuntza alorrean erreferentzia dan sariak, saritu bien konpromiso soziala eta lan profesionala aitortzen dauz, sariaren azken helburua ikasleentzat ahaleginaren eta gainditzearen eredu izango dana.
- Epaimahaia, CEBEK, Innobasque, SPRI, Bizkaiko Foru Aldundi eta Elizbarrutiko Ikastetxeetako arduradunek osatzen dabe.
- Begoñazpi Ikastolako zuzendaria dan Merkat Bernaolak hauxe adierazi dau: “Pertsona moduan zein lan-ibilbidean benetako eredu diran pertsonak badagozala erakutsi behar dogu”.
Bilbo, 2024ko abenduaren 4a. Rakel Mateo triatleta paralinpikoak eta Aitor Alapont P4Q multinazionalaren sortzailekideak jaso dituzte Bilboko Begoñazpi Ikastolaren Gazte Role Model sariak, hamabosgarren edizioan, ‘Gizarte konpromisoa’ eta ‘Ekintzailetza’ kategorietan, hurrenez hurren.
Sari-banaketa ekitaldia Bilboko ikastolan izan da gaur arrastaldean. Joseba Segura Bilboko gotzaina buru dala, bertan izan dira, besteak beste, Ainara Basurko Ekonomi Sustapenerako foru diputatua, Lucia Torrealday Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea eta Eider Inunciaga Bilboko Udaleko Euskera zinegotzia.
Rakel Mateok “gizarte konpromisoa” kategoriari jagokon saria jasoko dau. Aitor Alapontek, barriz, “ekintzailetza” kategoriari jagokona. Sari bi honeek dira ezagutza eta esker ona aintzat hartzen dabenak.
Euskadiko bizitza profesionaleko eta sozialeko zazpi kide garrantzitsuk osatutako epaimahaiak, Rakel Mateo Uriarte (Mungia, 1975) triatleta paralinpikoaren dedikazioa, ahalegina eta etengabeko gainditzea azpimarratu dauz, konpromiso, erantzukizun eta lanaren eredu.
Mateok 2001ean izandako istripu baten ondorioz, ezkerreko hankan paralisia izan eban, supermetaku baten lanean egoala, 100 kiloko pieza erori jakon hankan. Horren ondorioz, lesio neuropatikoak geratu jakozan. Dinoenez, handik aurrera, minaz bizitzen ikasi behar izan eban. Horri guztiari, gainditu baeban be, anorexia-aldia gehitu behar jako.
Apurka-apurkaka, nazioarteko txapelketetan lehiatzen eta dominak irabazten hasi zan. 2016an, Rio de Janeiron lehen aldiz, Udako Paralinpiar Jokoetan parte hartu eban. Ondoren, Tokio 2020an eta Paris 2024an be ibili da, azken honetan hamargarren postua lortu daualarik.
Epaimahaiak, beraz, zoritxarraren aurrean dauan kemena, adorea eta indarra, hau da, etengabe gainditzeko dauan gaitasuna, bizitzarekiko dauan gogoa eta grina nabarmentzen deutsoz Mateori. Horregaitik, ba, gaur egungo gazteentzat eredu bikaina dalakoan dago.
Pertsonekiko konpromisoa
Aitor Alapont, Alonsotegin dauan CEO eta P4Q multinazional bizkaitarraren fundatzailearen kasuan, epaimahaiak ingurunearekiko eta pertsonekiko konpromisoa, balore humanistak, ardura eta jardun profesionala azpimarratu dauz.
Izan be, zuzentzen dauan P4Q elektronikaren multinazionala dan enpresak, Euskadin, Estatu Batuetan eta Txinan sakabanatuta dauzan 400 langile eta 90 milioi euroko fakturazioa dau. Aurten 25. urteurrena ospatu dauan enpresa hau, langileekin dauan hartu-emonengaitik nabarmentzen da, langileei lanean nork berak kudeatzeko emoten deutsen askatasun handiagaitik.