“Pentsamentu kritiko, kontziente eta konprometitua daben ikasleak prestatu gura doguz”

EBI sareko zuzendariordeak EBI sarea bereizten daben balioak azpimarratu dauz, eta, batez be, hezkuntza zaintzeko modu bat bezala ulertzen dau, “pertsona bakoitza bakarra dalako”.

Nerea Bilbao Goxencia EBI sareko zuzendariordeak ilusioz eta arduraz ekin deutso etapa barri honi. Azken urteotan Iparragirre Ikastolako zuzendaria eta Begoñazpi Ikastolako ikasketa-burua izan da, eta, beraz, Elizbarrutiko Ikastetxeak sarearen ibilbidea eta hezkuntza proiektua sakon ezagutzen dauz. Hori dala eta, garrantzi handia emoten deutso EBIko 19 ikastetxeen arteko lankidetzari; izan ere, Nerea Bilbao arduratuko da sarea osatzen daben hezkuntza talde eta komunitateak koordinatzeaz, bultzatzeaz, “baina, batez ere, entzuteaz eta laguntzeaz”.

Hezkuntza etengabe aldatzen ari da. Zelan egokitzen da EBI sarea aldaketa horietara?

Gure nortasunetik egokitzen gara. Ez gara barrikuntza bakoitzaren atzetik joaten; aitzitik, gure ikasleek eta gizarteak behar dabezan aldaketei buruz hausnartzen dogu. Apustu handia egiten dogu irakasleen prestakuntzaren alde eta ikastetxeen artean ondo funtzinonatzen dauena partekatzearen alde. Gainera, malgutasuna emoten dogu bakoitzak metodologiak bere testuingurura egokitu daizan, beti be gure proiektu komunarekiko koherentziari eutsiz. Gizarte askotariko eta aldakor baten erronkei erantzuten saiatzen gara, baina beti oinak lurrean jarrita eta pertsona bakoitza erdigunean jarrita.

Ángeles Custodios Ikastetxea EBI sarean sartu barri da. Zer ekarpen egiten dau Elizbarrutiko Ikastetxeak sareak hezkuntza-talde bezala?

Oso pozik gagoz Angeles Custodios gure parte izateagaz. Bat egiten dauan ikastetxe bakoitzak izugarri aberasten dau proiektu komuna, eta, kasu honetan, bereziki, ahulenei eta gehien behar dabenei arreta emoten egindako Angeles Custodios-en ibilbidea oso aberasgarria da guretzat. Hori gure nortasunagaz erabat lerrokatuta dago.

EBIk lagun egitea eta kide sentitzea dakar. Baliabideak, prestakuntza, esperientziak… partekatzen doguz. Hobetzen jarraitzeko laguntza-egitura bat jartzen dogu eskura, baina, batez be, hezkuntza ulertzeko modu bat partekatzen dogu: zaintza-ekintza bat bezala, non pertsona bakoitza bakarra dan.

Bizi garen gizartea etengabeko mehatxua da gazteentzat, nerabeentzat, sare sozialekaz, fake news-ekaz eta abarregaz. Ikastetxeek be badabe erantzukizunik horretan?

Erantzukizun handia dogu, zalantza barik. Ezin dogu beste alde batera begiratu sare sozialak gure neska-mutilen egunerokoaren parte diranean. Gure zeregina pentsamendu kritikoa garatzen laguntzea da: ikas daiela informazioa kontrastatzen, buloak identifikatzen, ikusten dabena zalantzan jartzen.

Funtsezkoa da, halaber, errespetua, enpatia, argitaratzen dabenaren erantzukizuna eta besteengan dauan eragina bezalako balioetan oinarrituta lan egitea. Sareak ez dira arazoa, pertsonak prestatzen badoguz, irizpidez eta erabaki onak hartzeko gaitasunez. Eta hori, noski, familiekaz batera egin behar da.

EBI sarea aitzindaria da munduko hezkuntza-eredu aurreratuenetako batzuk erabiltzen. Barrikuntza hezkuntza-gakoa da gaur egun?

Barrikuntza funtsezkoa da, baina ondo ulertu behar da. Kontua ez da aldatzea aldatzeagaitik edo gelak teknologiaz betetzea. Barritzea irakasteko modua hobetzea da, ikasle bakoitzak hobeto ikas daian. EBIn kalitatezko prestakuntza barritzaile eta eraldatzailearen aldeko apustua egiten dogu: ikaslea erdigunean jartzen daben metodologiak, lan kooperatiboa, proiektuak, ikaskuntza aktiboa…

Ikasten ikastea gura dogu, beren kabuz pentsatzen, arazoak konpontzen. Eta personalizatu be bai: ikasle bakoitza ezberdina da eta bere potentziala garatzeko aukera izan behar dau. Barrikuntza, azkenean, hezkuntza gizatiarragoa, integralagoa eta kalitate handiagokoa egiteko tresna da.

Egungo hezkuntzak familiak be kontuan hartzen al dauz?

Beharko leuke, eta gure kasuan halan izan daiten saiatzen gara. Familiak funtsezkoak dira, lehenengo hezitzaileak dira. Horreek barik, gure proiektua herren dago. EBIn komunikazio arina eta parte hartzeko benetako espazioak egon daitezan lan egiten dogu: familia eskolak, tutoretzak, topaketak…

Talde-lanean tinko sinisten dogu: badakigu alkarregaz urrunago iristen garela. Irakasleak, irakasleak ez diran langileak, familiak eta ikasleak sare horren parte aktiboak gara. Ikastetxean lantzen danak etxean be zentzua izatea bilatzen dogu, eta alderantziz.

Ikasgelako ikaskuntzatik haratago, zer ikasle edo pertsona motak osotu gura dau EBI sareak?

Ez da nahikoa ikasleak azterketa baterako prestatzea. Pentsamentu kritiko, kontziente eta konprometitua daben ikasleak prestatu gura doguz, eta ez dogu hanka-puntetan bizitzea nahi, zentzunez eta esker onez baizik.

Beren buruarengan eta besteengan sinisten daben pertsonak, mundu justuago bat eraiki daikienak. Lehiatu beharrean alkarregaz lan egiten daben pertsonak, guztion ongia bilatzen dabenak eta bizitza asmo bategaz, balio kristinauekaz eta itxaropenagaz eraikitzen dabenak.