Pastoralgintza ez da gelditu Elizbarrutiko Iikastetxeetan

Iritsi gara kurtso amaierara, martxoaren erdialdera, Covid-19 pandemiaren eraginez, etenda geratu zan ezohiko kurtso amaierara. Baina gertaera honek ez ditu Elizbarrutiko Ikastetxeak geldiarazi, ezta gutxiago ere, eta hezkuntza elkarte osoa gehiago ahalegintzera bultzatu du ikasleengana heltzen jarraitzeko, abegitsu izateko, ikasleen eta beren familien bizitzan azaltzeko, haien ikaskuntza ahalbideratzeko eta beren behar nagusiei erantzuteko.

Pastoralgintza ere ez da gelditu EBI sareko ikastetxeetan. Hainbat ekimen eta jarduera pastoral proposatu da ikastetxeetatik askotariko hezkuntza alditarako eta hartzailerentzat.

Ikasleek garatu duten hainbat jarduerak oihartzun handia izan dute gizartean. Esate baterako, San Fidel edo Jesusen Bihotza ikastetxeek, besteak beste, bat egin zuten bakarrik edo ospitaleetan gaixorik zeuden pertsona nagusiei adore, gertutasun eta maitasunez beteriko mezuak helarazteko kanpainarekin. Batzuek, gainera, bideoan (https://youtu.be/X1EnX735CTA) jaso dute ekimena, San Felix ikastolak prestatutako honetan ikus daitekeenez. Beste hainbat ikastetxek bere baliabide teknologiko eta materialak eskaini eta ahalik eta material sanitario gehien ekoizteko erabili dituzte, besteak beste, San Viator, Zulaibar, Somorrostro edo Otxarkoagan gertatu denez, kareta eta biserak egineko.

Aldi hau itxaropenez bizitzea ahalbideratze aldera, adore emateko eta bitartekoak eskaintzeko hainbat ekimen ere bultzatu da ikasleen artean. Alde batetik, hainbat ikastetxek bideoak bidali dituzte adore emanez eta guztiek jarri dituzte ikasleen eskura akonpainamendurako askotariko estrategiak. Bestetik, pastoraltzarako taldeek espiritualtasuna landu nahi izan dute, horretarako lagungarri batzuk bidaliz: Fede-zabalkunde eta Katekesirako Ordezkaritzan prestatu dituzten #JesusGureanEreBidelagun lagungarriak banatu eta landu dituzte hainbat ikastetxetan eta beste batzuek hausnarketa eta otoitz egiteko lagungarriak bidali dizkiete ikasle eta familiei, adibidez, Iparragirre ikastolan Aste Santu eta Pazkorako prestatu zituzten materialak edo Santa Eulalia Patronatuan maiatzari, Mariari eskainitako hilari, lotuta prestatu dituztenak.

Ikasle txikienei, hau da, haur eta lehen hezkuntzako ikasleei dagokienez, proposamen gehienak familia osoari zuzendu izan zaizkio, txikiek helduen laguntza ezinbestekoa dutelako jarduerak garatzeko eta, askotan, nagusiak izan direlako ekimenen hartzaile. Iparragirre ikastolan, esate baterako, jarrera jakin baten (zainketa, entzutea, elkartasuna,…) inguruko erronka aurkeztu dute astero, EBI sareak aukeratutako Bihotzetik eskuetara goiburu pastorala aintzat hartuta.

Bereziki aipagarria da ikastetxeek egin duten ahalegina, hainbat arrazoirengatik (sozialak, pertsonalak, familiakoak..) egoera ahulagoan edo egoera zailean dauden ikasleen beharrak, heziketari lotutakoak, baina batik bat pertsonalak, asetzeko. Horrela, Samariar Onaren jarrera eguneratuz, beren esku dagoen guztia egin dute ahulenengan arreta jartzeko eta ezinbesteko bitartekoak hauen esku jartzeko. Somorrostro eta Otxarkoagan, esate baterako, ordenagailuak bilatu dituzte –hainbat kasutan erakunde eta partikularrek dohaintzan eman dizkiete-, ordenagailurik gabe zeuden ikasleei helarazteko. Baina Zulaibar ikastegitik nabarmentzen dutenez, gabezia teknikoak arintzeaz gainera, beste hainbat beharri aurre egin behar izan die ataka larrian ziren ikasleek egoera honetan “amore eman ez zezaten”. Otxarkoaga ikastegiak areagotu egin du Caritas eta Lagungorekin batera garatzen duen jarduera hainbat ikasleri bizi duen egoera kritikoan laguntzeko.  

Eta proposamen pastoral hauetan ikastetxeetako langileei ere zuzendu zaie begirada eta zaintza. Esate baterako, ikastetxe batzuek Caritasen Zentzuzko minutua delako ekimenaren mezuak langile guztiei helarazi dizkiete egunero. Maria Bitarteko ikastetxetik adierazi dutenez, hainbat irakaslek zabaldurik, mezu hauek Venezuela eta Kolonbiaraino ere iritsi omen dira. Somorrostro ikastegian, Zaindu plataforma jarri zuten martxan, bertan askotariko bitartekoak eskainiz irakasleen zainketa pertsonal eta espiritualerako. Gainera, pastoraltzarako taldeak on-line egiteko bi otoitzaldi jarri ditu ikastegiko langileen esku, bizi izandako aldiaren irakurketa sinesteduna egiteko. Beste ikastetxe batzuetan, esate baterako San Viator ikastetxean, ikasleak zentroan direla egin nahi dute otoitzaldia ikasturte berezi honi amaiera emateko.

Comparte