Otxarkoaga Prestakuntza Ikastegiak Bilboko lehen fotolindegia jarri dau abian, eguzki panelekaz elikatutako elektrolindegia, eta ez sare elektrikokoa, ohikoa danez, Euskadin dagozan apurretako bat. Ikastegiko Lanbide Heziketako ikasle eta irakasle talde batek abian jarri dau proiektua, auto elektriko eta hibridoak kargatzea ahalbidetuko dau energia % 100 barriztagarriagaz.
Karga estazioa, fotolindegia izenekoa, gaur egun auto elektrikoak edo hibridoak kargatzeko dagoan beharrari erantzuten deutso, baita Euskadiko elektrolindegien sareari energia doakoa eta % 100 berriztagarria eta iraunkorra emateko beharrari be. Otxarkoaga Prestakuntza Ikastegiak gidatutako eta Tknikagaz, Euskadiko LHko ikerketa aplikatuko zentroagaz, alkarlanean egindako proiektuak jasotzen dauan bezala.
«Konponbide errentagarria eta ekologikoa da; gure baliabideekaz auto elektrikorako erregaia ekoizteak egungo energia sistema aldatzen dau, eta, aldi berean, ingurumenari ekarpen handia egiten deutso», dino Xabier Rastrero Otxarkoaga Prestakuntza Ikastegiko ikasketaburuak. Ikastegia EBI-Elizabarrutiko Ikastetxeak sarekoa da.
Holan dalan, fotolinerak bi karga gune dauz, eguzki energia fotovoltaikoaren bidez, bakoitzak 22 kW-ko gehieneko karga jartzeko gai diranak, hau da, sei etxebizitzako batez besteko potentzia, eta ibilgailu elektriko bat ordubete pasatxoan kargatzea ahalbidetzen dabenak.