Eskolako taldeak sendagaiak, eskolako materialak, jostailuak edo arropa emongo dauz.
Prestakuntza ikastegiak 20 urtetik gorako bi autogaz hartzen dau parte. 2.400 km pista, duna eta mendi zeharkatu beharko dabez.
120 autok parte hartzen daben proban ez dago irabazlerik.
Irailaren 9an Marrakech-Safiko lurrikarak suntsitutako eskualdera eroango dabe laguntza.
Otxarkoaga Prestakuntza Ikastegiko talde batek Uniraid Marokoko rally solidarioaren 13. edizioan parte hartuko dau aste honetan. Ikastetxe eta auto klasikoei zuzenduta dago, eta 2.400 kilometrotan 22 tona material solidario banatuko dauz herrialdeko txokorik urrunenetan. Raid, bederatzi etapakoa, otsailaren 10ean hasi zan eta datorren domekara arte luzatuko da, hilaren 18ra arte.
Paris-Dakar emulatzen dauan ekimen solidario honetan 20 urte baino gehiagoko 120 autok parte hartzen dabe. Holan, besteak beste, irailaren 9an Marrakech-Safiko lurrikarak suntsitutako eskualdera eroango dabe laguntza. Bilboko prestakuntza ikastegiak, lau irakaslek osatua, bi autogaz parte hartzen dau, eta herrialdea zeharkatu beharko dau mendiko errepideetatik, pistetatik, hareetatik eta dunetatik, eta mapa eta iparrorratz bakarragaz, erakundeak agintzen dauan bezala.
Gainera, autoak, Peugeot 106 bat eta Renault Clío bat, Barakaldoko La Inmaculada ikastetxeak eta partikular batek emon dabez.
Talde bilbotarrak, espedizio solidario honetan parte hartzen dauan Bizkaiko bakarrak, sendagaiak, eskolako materialak, jostailuak edo arropa banatuko dauz, besteak beste. “Gure eskolak, gainera, Marokon jaiotako ikasle asko dekoz, eta, beraz, bertatik bertara ezagutu daikegu euren egoera, baita ikasle eta irakasleekaz behin baino gehiagotan herrialdera itzultzeko aukera izango dogu be”, azaldu dau Juanan Arrieta Otxarkoaga Prestakuntza Ikastegiko zuzendariak.
Ekintzailetza
Otxarkoagako eskolak, Elizbarrutiko Ikastetxeen EBI sarearen barruan dagoenak, erronka honi aurre egin deutso, gainera, “ekintzailetza eta talde-lana bezalako baloreak lantzeko aukeragaz, funtsezkoak baitira gurea bezalako ikastetxe batean”, adierazi dau ikastegiko zuzendariak. Izan be, prestakuntza-eskolako mekanika graduetako ikasleek ibilgailuak prestatu dabez 2.400 kilometroko ibilbidean izango dabezan zailtasun guztiei berme osoz aurre egiteko.
Hala eta guztiz be, lasterketa honeetan ez dago irabazlerik, baizik eta, antolakuntzak dioen bezala, beste balio batzuekaz lan egin nahi da, hala nola esfortzuagaz, alkartasunagaz, taldearen balioagaz edo hazkunde pertsonalagaz.





