Cesar Bonak, ‘Global Teacher’ dalakoaren arabera, munduko 50 maisurik onenen artean dagoanak, berbaldia eskaini eban Otxarkoaga ikastegiko X. Hezkuntza-jardunaldietan. Irakaskuntzaren arloko hainbat profesionalek parte hartu eban eta gaur egungo curriculumaren edo heziketa-barrikuntzaren inguruan jardun eben, besteak beste. “Entzun irakasteko” goiburuaren haritik, zaragozar irakasleak gaur egungo hezkuntzan ezinbesteko diran alderdiak landu ebazan.
Oraindik lege-proiektu dan LOMLOE hezkuntza-lege barriak hainbat aldaketa dakar. Zer deritzozu?
Lehenengo eta behin, adostasunera heltzea ezinbesteko dala konturatu behar dogu. Denpora bizkor doa. Gauzak aldatu egiten dira eta honek eragina dau ume eta gaztetxoengan. “Helduak oinarri” dituan ikuspuntutik hartzen dogu jarrera. Eta eurek behar dabezan bitarteko guztiak kontuan hartu behar doguz. Bilakaera izan behar dogu eta egiten dogun edozein mobimentuk ume eta gaztetxoen onerako izan behar dauala jakin.
Urte batzuk dira EBI sareak irakaskuntza-eremuan –ulermenerako irakaskuntza- ikasleari etenbarik begiratzen deutsan apustua sartu ebana. Ildo beretik doa?
Hori da, geure eginbeharra da-eta. Pentsamendu kritikoa, alkarrizketa, bizikidetasuna, arazoen konponketa… ziurtzat jo behar doguz. Hori garrantzitsutzat joten dauan ikuspuntutik hezi behar dogu. Eta jardun egin behar dogu.
Aldaketaren alde zagoz, irakasleen artean, ikastetxean, administrazinoan,…?
Askotan gorantz begiratzen dogu, baina, nire ustez, administrazinoaren laguntza beharrezkoa bada be, guk geuk, irakasleok, entzun behar doguz umeak, gaztetxoak eta familiak. Norberak, irakasleak, bere bertsinorik onena emon behar dau. Emon geinkena baino ezin dogu eskatu. Neska-mutilei taldean lan egiteko eskatzen badeutsegu, geuk be taldean lan egiten jakin behar dogu.
Teknologiak, lagundu egiten dau ala beste bitarteko bat baino ez da?
Geletatik kanpo dagoan eta gela barruan be egon behar dauan beste bitarteko bat da. Batzuetan, ziurtzat joten dogu neska-mutilek aise menderatzen dabena eta, halanda be, lagundu egin behar deutsegu teknologiaren erabilera etiko eta arduratsuan. Eta baita “ez erabiltean” be. Ez dogu etika ahaztu behar.
Irakasle guztiek aldatu behar dabe? Zenbat buru, hainbat aburu?
Hezkuntzari kalte handia egiten deutsen esaldiak dagoz. Garrantzitsua da irakasle guztiak gure misinoaz jabetzea: mutil eta neskak aldaketarako prestatzeko hezi. Eta irakasleok beste inor baino prestasun handiagoa izan behar dogu aldaketarako.