LH eta enplegua, Otxarkoagako XIX. Hezkuntza Jardunaldiak

Otxarkoaga Ikastetxeak XIX. Hezkuntza Jardunaldiak hartuko dauz datorren apirilaren 29an, lanbide heziketan eta enpleguagaz dauan loturan oinarritutako topaketa. Jardunaldiak erakundeetako ordezkariak, hezkuntza-eragileak eta enpresa-elkarteak bilduko dauz, lan-merkatuaren egungo erronkak eta LHk enplegagarritasuna hobetzeko dauan eginkizuna aztertzeko.

Egitaraua 9:00etan hasiko da, irekiera instituzionalagaz, eta ondoren, jardunaldiaren aurkezpena egingo dau ikastetxeko zuzendariak. Une aipagarrienetako bat Javier Álvarez Arias Bilbao Ekintzako Enpresa eta Enplegu arloko arduradunaren hitzaldia izango da, eta Bilboko Udalaren Enplegu Plana azalduko dau. Goizean zehar, ikastetxeko Lanbide Heziketaren eskaintzari buruzko bideo bat proiektauko da eta bertako instalazioak ezagutzeko gune bat eskainiko da.

Jardunaldian, gainera, enpresako prestakuntzari buruzko aurkezpen bat egingo da, Lanbide Heziketa Dualaren ereduan oinarritua, baita mahai-inguru bat be, hainbat gremio eta alkarte profesionaletako ordezkariekaz. Espazio honek esperientziak partekatzeko eta ikastetxeen eta enpresa-sarearen arteko lankidetzari buruz hausnartzeko balioko dau.

Topaketari amaiera emoteko, 2026-2027 ikasturterako onarpen-agindua aurkeztuko dau HETELeko presidenteak, eta, ondoren, galdera-txanda eta itxiera-txanda. Ekimenak indartu egiten dau ikastetxearen konpromisoa, lan-errealitateagaz lotutako eta ekoizpen-ingurunearen gaur egungo beharretara bideratutako prestakuntzagaz.