Leire Bilbao Innobasque berrikuntzaren euskal agentziako zuzendaria da 2017tik, eta oso ondo ezagutzen dau euskal hezkuntza sistema eta EBI sarea. Izan ere, Innobasque eta Elizbarrutiko Ikastetxeen sarea alkarlanean ari dira hainbat proiektutan. «EBIk barneratu dau hezkuntza barrikuntza funtsezkoa dala», dio.
Normalean barrikuntza startupetara, industria 4.0ra edo smart factorietara lotzen dogu, baina, zein da barrikuntzaren rola hezkuntza munduan?
Barrikuntza giltzarria da irakaskuntzaren munduan. Jarrera bat da, eta hala izanez, pertsonetan hasten da. Umeak garenetik eboluzionatzen joango da bizitza pertsonal eta profesionalean zehar. Elementu oso garrantzitsua da. Izan ere, herrialde gehienetan, erronka handienetako bat hezkuntza sistemaren barrikuntza da, bai hezkuntza formalean bai ez formalean, enpresa sarean asko eskatzen ari dan zerbait da: talde lana, jarrera erronken aurrean, alkarlana…
Azken urteotan, hezkuntza asko aldatu da, metodologia eta sistema barriekaz. Nola dakigu barrikuntza hori bidea dela?
Hezkuntza sisteman eboluzionatu behar dogulako munduaren geostregiara eta eskatzen diran profiletara hurbiltzeko. Hezkuntza sistema osatzen dogun pertsona bakoitzak, familiak barne, munduan zer gertatzen ari dan pentsatu, ikasi eta aztertu behar dogu moldatu ahal izateko.
Zein garrantzitsua dan sarean lan egitea…
Beti egin behar dogu lan besteekaz alkarlanean. Familia eta ikastegietatik eragile sozial eta enpresetara. Guztiok erronkak hartu behar ditugu gure gain. Bizitza erronkak dira eta prestakuntzak erronkekaz bat etorri behar dau, gizarteak horixe eskatuko deuskulako.
Hezkuntza ahalegin berezia egiten ari da zientzia helarazteko, bereziki nesken artean. Zelan ikusten dozue Innobasquen?
Iraupen lasterketa bat da. Gure alaben zientziarekiko grina piztu behar dogu. Eta danok egin behar dogu: familiek, irakasleek, gizarte eta hezkuntza eragileek, Administrazioak.
Nola kalifikatuko zeunke EBI sarea barrikuntzari jagokonez?
EBI-k erronka garrantziak hartu dauz bere gain. Innobasqueren bidelaguna izan da hasiera-hasieratik eta barneratu dau barrikuntza funtsezkoa dala, taldeak prestatzen metodologietan eta tresna oso aurreratuetan. Eta, batez be, prestutasuna adierazi dau, hobeto egiteko gogoak. Horregaitik sareak eratzen jarraituko dogu.