Gaur egungo hezkuntzak dauazan erronka ugarien artean, irakasleen rol barria, andereño eta maisuen lana, apustu irmoa da eta eragin erabakigarria dau ikasleen hezkuntza prozesuan. Irakaslearen Nazioarteko Egunean, EBIk haien rola –rol barria- aldarrikatu gura dau hezkuntza sisteman.
Izan be, ez da helburu barria EBI Elizbarrutiko Ikastetxeetan. Elizbarrutiko hezkuntza taldeak urteak daroaz lantzen irakasleek izan behar daben rola, metodologia barrietara egokitzeko eta hezkuntza prozesu hori hobetzeko.
EBI-ko irakasleek argi dabe beren egungo zereginak ez dauela zerikusirik iraganean egindakoarekin. Orain, eta ulermen proiektuetan oinarritutako ikaskuntzen aldeko apustua egiten daben metodologiekin edo ikaskuntza kooperatiboarekin batera, irakasleak gidari bilakatu dira, beren ikasleen hezkuntza garapenaren bidelagun. Neska-mutilak dira beren ikaskuntzaren protagonistak: informazioa bilatzen dabe, zalantzan jartzen dabe, hausnartzen eta aztertzen dabe eta praktikan jartzen dabe, hobeto ulertzeko.
Eta prozesu honetan, andereñoak eta maisuak gidatuko dabezan ikasleak; are gehiago digitalizazioa hezkuntza sistemaren beste ardatzetako bat danean. “Irakasle ona egunero ahalegintzen dana da, eta ikasle bakotxarentzat zer egin daikeen pentsatzen dauena”, defendatzen dau Martin Varelak, Trilema Fundazioko zuzendariordeak.
EBI, hain zuzen be, hezkuntza fundazio honekin lanean ari da etengabeko hobekuntza prozesua lortzeko. Eredu honi esker, hezkuntza taldeak irakaslearen lanaren jarraipena egiten dau, haren lana ebaluatzen dau eta, batez be, laguntza ematen dau. Holan, coaching edo tutorien bidez, irakasleen lana aztertuko da hobekuntzak sartzeko.
Eta horrek guztiak emaitzak ematen dauz. Ikasleak motibatuta ikasten dau eta bere hezkuntza prozesuan hausnartzeko eta kritikoa izateko gai da.