Ingurune seguruak, metodologia aurreratuak, digitalizatzea eta nortasuna, EBI sarearen heziketa-ardatzak 2023-2024 ikasturterako

EBI ikastetxeen sareak heziketa-ardatz argiakaz ekin gura deutso ikasturte barriari, besteak beste, adin txikikoaren babesean, nazioartekotzerako heziketa-ereduetan, digitalizatzean, emozinozko heziketaren garapenean eta Bilboko Gotzaitegiaren menpe diran ikastetxe eta ikastolei beren-beregi dagokien eleizbarrutiko nortasunean aurrera egiteko helburuagaz.

Beraz, EBI sareko Eleizbarrutiko ikastetxeek bitarteko barrien erabileran jarriko dabe arreta ingurune seguruak optimizatzeko, ume eta gaztetxoak indarkeriaren aurrean babesteari begira. Horretarako, lege organikoak jasoten dauanez, askotariko eremuetan (familia, heziketa, gizarte esku-hartzea, e.a.)era bateko eta besteko alderdiak -sentsibilizazinoa, prebentzinoa edo antzemate goiztiarra- hobetzeko bideak jarriko dira, haur eta nerabeen aurkako edozein indarkeria gaitzesteko mezu zehatz eta ozena sortuz.

Nazinoarteko heziketa-ereduak garatzea da ardatzetako bat. Egia esan, bide hau egiten dihardugu EBI sareko zentroetan, baina ikasturte honetan aparteko bultzada emon gura jako. Holan, Nazinoarteko Batxilergoa (NB) aukera bihurtu gura da Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek lotura praktikoak ezarri daiezan ikasketen eta benetako munduaren alde, geroko heziketan eta euren bizitzetan arrakasta jadetsi daien.

Nazinoarteko Batxilergoan, gainera, Bitarteko Urteetarako Egitaraua (BUE) lantzen da Bigarren Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako Eskolarako Egitaraua (LEE) Lehen Hezkuntzan, ikasleek ikusi daien ze urrats emon behar daben hezi, garatu eta euren eretxiak emon, aukeraketak egin eta erantzukizunak hartu ahal izateko.

EBI sareak orain dala urte batzuk ekin eutsan digitalizatze eta eraldaketa digitalerako heziketa-bideari eta horretan jarraitzen dau etenbarik. Metodologia barriak ingurune digital eta bitarteko teknologiko gero eta aurreratuagoez baliatzen dira ikasleak autoikaskuntzarako gaitasuna eta gaitasun digitalak jadetsi eta hartu-emon arin eta eraginkorra izan daien heziketa-maila guztietan, Derrigorrezko Hezkuntzan zein Lanbide Heziketan.

EBI sareko ikastetxeen nortasuna, balio humanistiko-kristauei, emozinozko heziketari, hazkunde pertsonalari lotuta dago eta hori da euren beste ardatzetako bat. Ikastetxe eta ikastolek lanean jarraituko dabe eremu eta prozesuen garapenean, neska-mutilak Barri Onaren balioen, hau da, lagun hurkoarenganako maitasunetik eta mundu zuzenagoaren eraikuntzarako zerbitzutik bizitzearen, eragin pertsonal eta sozialaz jabetu daitezan.

Comparte