Ilusioa eta erantzukizuna: talde barriek berba egin dabe

EBIko ikastola eta ikastetxeetako zuzendari barriek ilusioz, konpromisoz eta aurrean dabezan erronkei aurre egiteko gogoz ekin deutsie etapa barri honi. Ardura hori beren gan hartzen dabe, ikasturte barri honetan ikastetxeak bultzatzeari eta hezkuntza-komunitate osoari laguntzeari begira.

Berakruz Ikastolan, Ainara Aransolok lotura berezia dauan ikastetxea zuzentzeko erronkari ekin deutso: ikastolako ikasle izan zan eta, dauela lau urte itzuli ondoren, zuzendaritza hartu dau orain, bere historiari eta sustraiei jarraipena emoteko asmoz, eta, aldi berean, etorkizuneko erronka eta proiektu barriak bultzatu gura dauz, bere kristau eta komunitate nortasunetik abiauta.

Javier Unzuetak Somorrostroko Lanbide Heziketako zuzendaritza hartu dau, ikastetxean ibilbide luzea egin ondoren. 1992tik ari da bertan lanean, eta hainbat ardura izan dauz. Hurbiletik ezagutzen dau hezkuntza-komunitatea, eta lantaldeagaz batera lan egiten jarraitzeko borondateagaz egiten deutso aurre erantzukizun barri horri, prestakuntza-proiektuari eta gizarteari laguntzeko.

Avellaneda Ikastetxean, Eider Aznarrek 25 urte emon ditu Begoñazpi Ikastolari lotuta, eta irakasle, arduradun akademiko eta zuzendaritza taldeko kide izan da. Ikastetxe-aldaketari ilusioz eta erantzukizunez egiten deutso aurre, proiektuarekiko loturari eta EBIren balioei eutsiz.

Itxaso Garteizaurrekoak hartu dau San Fidel Ikastolaren gidaritza, hezkuntza komunitate osoagaz batera lan egiteko, hurbiltasuna, entzute aktiboa eta konfiantza oinarri hartuta. Ikasleen ondoizatea eta hezkuntza etapa barri honen erdigunean egongo dira, ikastolaren proiektua indartzen jarraitzeari begira.

Otxarkoagan, Laura Gutierrezek hartu dau zuzendaritza, zazpi urteko ibilbidea egin ondoren. Bertan, Enplegurako Prestakuntzaren arloan hasi zan lanean, eta, ondoren, zuzendaritza-taldean sartu zan. Urrakortasun-egoeran edo -arriskuan dagozan pertsonei zuzendutako proiektuetan dauan esperientzia eta Lanbide Heziketari buruz dauen ezagutza dira erronka barri honen lagun, umiltasunez, zintzotasunez eta Ikastetxearen hezkuntza- eta gizarte-proiektuarekiko konpromisoz aurre egiten diona.

Ángeles Custodiosek Jaione Elkoro eta Víctor Pascual dauz zuzendari barri bezala. Jaionek familiengandik hurbil dagoen ikastetxe bat finkatzen jarraitzeko helburuagaz ekin deutso etapa barri honi. Ikastetxe horrek ikasleak erdigunean kokatzen dauz eta aniztasuna jotzen dau bere balio nagusietako bat. Victorrek, Lanbide Heziketaren buru, hezkuntza-berrikuntzan, etengabeko ikaskuntzan eta ikasleei balioa emongo deutseen metodologia barrien bilaketan jartzen dau arreta.

Bestalde, Urko Duartek San Juan eta Somorrostro zuzenduko dau, Avellanedan 15 urte eta San Fidel Ikastolako zuzendari lez zortzi urte emon ondoren. Erronka barri honi ilusioz egiten deutso aurre, proiektua eta bi ikastetxeetako kideak ondo ezagutu eta ulertzeko, alkarregaz aurrera egiten jarraitzeko.