Ikasturtearen amaiera, ezberdina, baina ekintzez beteta

Egoera ohikoa ez den arren, ikasturteari amaiera polit bat eman nahi izan diote Markina-Xemeingo Berakruz ikastolan. Urtero, ekainaren lehen asteburuan ikasturte amaierako jaialdia ospatzen dute, eta, aurten ere, horrela egitea erabaki dute, alarma egoeraren segurtasun neurriek ahalbidetzen duten ekimenak antolatuz.

Ekintza erraz, erakargarri eta batez ere parte hartzaileak antolatzea eduki du helburu ikastolako jai batzordeak.

Aurretik egin dituztenen artean, Tontorrera igoera, balkoi eta leihoen apainketa, mozorro lehiaketa eta bertso txapelketa aipatu ditu. Gogora ekarri duen modura, urtero, Binke izeneko mendi martxa antolatzen dute. Horren ordez, Markina-Xemein inguruko hiru tontor proposatu dituzte aurten, eta martxako kamiseta soinean, bertara joan eta argazkia atera behar izan dute parte hartzaileek, han egon direla erakusteko.

Zapatuan, bestalde, Bizkaia Irratiaren zuzeneko irratsaio bat egingo da ikastolatik bertatik, 11:00etatik 13:00etara. Marrazki txapelketa bat ere edukiko dute, eta guraso eta irakasleek egin dituzten lanak eraman eta ikastola apainduko dute. Jaialdia 14:00ak arte luzatuko da.

Comparte