“Ikasturte honetan aurrera egin behar dogu ikasleen interesean, sormenean eta kudeaketa emozionalean oihartzuna daben proiektuetan”

Normaltasunaren ikasturtea, covid garaiaren ostean, abian dago. Egoera larria atzean uzteaz gain, EBI ikastegiek erronkez beteriko ikasturteari egin behar deutsie aurre, baina jarraipena emon behar deutsie garatzen ari ziran proiektuei be. Hezkuntza legeak be erabakigarriak izango dira hurrengo hilabeteetan. Nerea Begoña EBI Elizbarrutiko Ikastetxeak sarearen zuzendaria da.

Covidaren ostean, normaltasuna heldu da. Nola egingo deutsie aurre EBI ikastegietako irakasle eta ikasleek?

Ikasturte hasiera honi ekin deutsagu aurreko urteetan baino lasaitasun gehiagogaz. Uda ia-ia izan da pandemia aurreko udak bezala, eta guztiok atseden hartu eta aisialdiaz gozatu ahal izan dogu. Irakasleak indartsu eta ilusioz hasi dira ikasturtean agertuko diran erronkei aurre egiteko. Ikasleak, lagunak ikustearen pozez. Eta familiak, normaltasunera itzultzeko gogoekaz, lanaldia eta seme-alabenganako arreta uztartu ahal izateko.

Pandemia garaian, hezkuntzak aurrera egin ahal izan dau edo galdutako denpora berreskuratu behar dogu?

Egoera larri guztietan bezala, pandemia erabilgarria izan da azkarrago aurrera egiteko digitalizazioan, zaurgarritasun egoeretan dagozan ikasleentzako gailuen eskaintzan, pandemiaren ondorioko kudeaketa emozionalean… eta presentzialtasuna berreskuratu behar izan dogu, hezkuntza emaitzak sendotu saio gehigarriekaz eta, batez be, zailtasun gehien dabezenentzako laguntzan.

 Zein nolako erronkak dagoz ortzi-mugan EBI ikastegietako hezkuntzan?

Ikasturte honetan, ikasleen interesa sustatzen daben proiektuetan aurrera egin behar dogu, modu naturalean; era berean, sormen eta barrikuntza pedagogikoa sustatzen jarraituko dogu, eta hezkuntza emozionalaren kudeaketa garatuko dogu, neska-mutilei ongizate sozial eta emozionala emateko. Beharrezkoa da gizarteak eskatzen dauazan profiletan trebatzea, baina pertsona be prestatu behar dogu, “izatearen” beharra irakatsi behar deutsegu. Aldi berean, familien, ikastetxeen eta komunitatearen arteko lankidetza da beste erronketako bat.

Nola eragingo dau ikasturte honetan hezkuntza-erreformak, LOMLOEk?

EBIn, konpetentzien bidezko lanaren alderdi pedagogikoa ez da oso desberdina aurreko urteetan garatutakoagaz alderatuta, baina beste urrats bat emon dau. Aldaketa nabarmenena ebaluaketan dago; lege hau, aldaketa batzuekaz, gobernu sozialistak onetsitako 2006ko LOEan oinarrituta dago. Holan, adibidez, etapako azterketa finalak ezabatu dira eta bi ikasturte errepikatzeko aukera emango da Lehen Hezkuntzan eta DBH, beste auzi batzuren artean.

Eta datozen hilabeteetan onartuko dan euskal hezkuntza legea?

Oraindik ez dogu lege-aurreproiektuaren testu artikulatua ezagutzen, baina, Sailagaz izandako alkarrizketetan eta Legebiltzarrean 2022ko apirilaren 7an onartutako akordioaren oinarrien gakoak kontuan hartuta – Legebiltzarkideen % 90ek berretsi eben –, esan daikegu azpimarratzen dauazala, batez be, euskara  hezkuntza sistema egituratzen dauan hizkuntza bezala; ikasleak ez bereiztea eta ikasle etorkinak ikastegien artean banatzea matrikulazio-prozesuaren bidez; edo bizikidetza positiboa, doako hezkuntzan edo derrigorrezko hezkuntzan.

Comparte