Hezkuntzaren Nazinoarteko Eguna, urterik konplexuenean

Gizartearen etorkizuna diran gure neska-mutikoen hezkuntza, gure bizitzen bihotzean dago gaur egun be. Horren adierazle, ikastetxe eta ikastolek koronabirusaren pandemiak eragindako egundoko erronkari emon deutsen erantzuna. Dana dala, egoera ez da bardina mundu guztian eta ezinbestekoa da hori gogoratzea. Hezkuntzaren Nazinoarteko Eguna –urtarrilak 24-, heziketa-alkartearen egutegian nabarmendutako eguna da, urterik konplexuenean.

Bizkaian, Estatuko gainerako lurraldeetan lez, eta kutsatzeen maila sekula baino altuagoa dan arren, gelak zabalik dagoz. Heziketa, funtsezkoa da eta, horregaitik, erakundeek, gizarteak eta heziketa-alkarteak arreta osoa jarri dabe bertan, nahitaezko bideak jarteko mutiko eta neskatoeik behar-beharrezkoa daben irakaskuntza ziurtatzeko.

Halanda be, ikasleen egoerak egundoko gorabeherak ditu munduko leku batetik bestera. UNICEF erakundeak jasoten dauanez, 2020an 1.600 milioi neska-mutikok gelak itzi eta euren etxeetan sartu behar izan eben. Eta askok eta askok oraindik ezin izan dau gelara joan eskolak hartzera. Eta bada inongo irakaskuntzarik, ez gelan ez era birtualean, jasoteko aukera barik geratu danik be. Eta datu horreen arabera, Asian 5,9 milioi ikasle inguruk, Afrikan 5,3 milioik eta Hego Amerikan 3,1 milioik ez dabe gehiago ikasiko.

Nazino Batuen Erakundeak (ONU), 2020ko abuztuko Politika-txostenean adierazoten dauanez, “heziketa, funtsezko giza eskubidea izateaz gainera, gainerako giza eskubideen gauzatzean ondorio zuzenak dituan eskubide gaitzailea da”. Beraz, desbardintasunei aurre egiteko tresnarik ahaltsuena dala esan daiteke.

EBI sarean jabetzen gara horrek dakarskun egundoko erantzukizunaz. Alde batetik, covid-19aren eraginez bizi dogun egoeran segurtasuna emoteko –ikastetxe eta ikastolek ahalegin handia egiten dihardue arlo horretan- eta, bestetik, desbardintasunaren aurka borrokatzeko eta aniztasunean edo gizarte inklusioan arreta jarteko. Kurtso guztietan etenbarik egiten dihardugun lana da, baina komeni da egun esanguratsu honetan gogora ekartea.

Comparte