Herri erlijinoa eta ohiturak jorratzen dabezan ‘Jazotakoa Jaso’ sariak banatu dira

EBI Elizbarrutiko Ikastetxeei zuzendutako Jazotakoa Jaso VI. bideoklip lehiaketako irabazleak doguz jada. Bariku honetan banatu dira Somorrostro Prestakuntza Ikastegian egindako ekitaldian.

Aurton, Kultur Erakundeen Mahaiak proposatu dauan gaia, Eleizbarrutiko ikastetxeak (EBI) kokatuta dagozan herrietako eleiz musika, dantza eta jaien ingurukoa da. Aukera ederra, beraz, Bermeoko, Bilboko, Elorrioko, Gernikako, Markinako, Muskizeko, Ondarroako, Ortuellako, Santurtziko, Sodupeko, Sopuertako edo Zeanuriko ikastetxeek, teknologia digitalak kultur ondareari lotutako edukiez hornitu daiezan.

 “Eskerrik asko gure kultura bildu eta transmititzeko lan honengatik, bai andereñoei eta maisuei, bai sareko 17 ikastetxeetako ikasleei. Saria partekatua da, ziur guztion artean irabazi dogula behintzat sareko lanean, komunioian. Eta gauza horretatik be badoa”, esan dau Bilboko Gotzaina dan Joseba Segurak, sari banaketaren buru izan dana.  

“Horixe gura dogu, gure historian jazotakoa jaso, eta ondorengoei jakinazo. Hala bedi!”, amaitu dau.

HONEEK DIRA SARIDUNAK:

Epaimahaiak bideoklip onenari emon deutsan saria Santurtziko Patronato Santa Eulalia Ikastetxearentzat izan da.

SARIA MAILA BAKOTXEKO ONENARI

HH: Kandelario eta San Blas (BeraKruz Ikastola)
Kandelario eta San Blas egunetako ohiturak adierazten dira, garrantzia
emonaz transmisinoari. Persona helduak, gazteak eta umeak ageri dira,
belaunaldiz belaunaldi ohiturak barritzen.

DBH: Parrandan be kantetan (Bermeoko Sagrado Corazón Ikastetxea)
Herriko jaietan egiten dan moduan, kantua da nagusi bideo honetan.
Gure artean ohikoa da kantuan jardutea hainbat egoeratan, eta kasu
honetan parrandara lotuta aurkeztu jaku. Herri-kantuak aukeratu dabez
horretarako, ganera.

Batxillergoa: San Juan jaia: erlijioaren ekarpen kulturalaren sua
piztuz (Somorrostroko Irakasgunea)
San Joan egunaren inguruko errituak azaldu eta ostean, galdera bat ixten
dabe ikasleek, tradiziootan erlijinoak eduki dauen eta aurrerantzean
izango dauen eraginaz.

SARIA JAKINTZA-ALORRARTEKO ONENARI
Herri txiki abeslari handi (San Felix Ikastetxea)
Galdera-erantzunen bitartez, herriko hainbat jakingarri emon dabez
ikasleek. Lehiaketa bat emoten dau alde batetik, edo eskola bat be izan
daiteke formatu aldetik. Kontua da herriko ohituren barri zabaltzea.

SARIA AURKEZTUTAKO BIDEO GUZTIEN ARTEKO ONENARI
Gure Mentxu! (Patronato Santa Eulalia)
Bideo honetan herriari oso-oso lotuta dagoan gai bat jorratu dabe.
Horrez ganera, hainbat baliabide erabili dabez ikusentzunezkoa osotzeko.
Gidoia landua da, irudi mota ezbardinak agertzen dira. Ondorioz, bideoa
didaktikoa izateaz ganera, ikusteko oso atsegina da.

SARIA EUSKERAREN ERABILERA ONENARI
Goizaldeko kantuak (San Fidel Ikastola)
Gernikan Gabon aurrean egiten diran Marijesiak herrian oso errotuta
dagoz, eta halan erakutsi dira bideoan be. Adin guztietako jentea, andrak
eta gizonak atera dabez, eta ohituraren barri emon dabe.

Comparte