ETHAZI metodologia: ikaskuntza erronkak, Lanbide Heziketan hobeto eta gehiago ikasteko modua

Lanbide Heziketako EBI Ikastegiek metodo hau sendotu dabe euren hezkuntza proiektuan


Lanbide Heziketako EBI ikastegiek ETHAZI hezkuntza metodoa osorik garatzen dabe, erronketan oinarritutako metodologia barria, non ikasleek, lortu behar dabezan gaitasun teknikoez gain, zeharkako beste konpetentzia batzuk lortzen dabezan, euren lan etorkizunari jagokonez (talde lana, komunikazioa, inplikazioa, ekimena, erantzukizuna…).

Metodologia erronketan oinarrituta dago, eta, horren bidez, ikasleak, irakasleak eta enpresak inplikatu gura dira, alde guztiek etekina atera daiten. Ikasleek maila handiagoa lortzen dabe oinarrizko gaitasunetan zein gaitasun teknologiko eta zeharkakoetan (talde lana, komunikazioa, inplikazioa, ekimena, erantzukizuna…). Ikaskuntza prozesuan protagonismo handiagoa hartzeaz gain.

Irakasleek irakaskuntza, ebaluazio  eta feedback metodologia barriak ezagutzen dabez, euren rolean aldaketa bat lortzen dabe, eta horrek gogobetetze-maila handiagoa ematen deutso irakasleari, eta egiaztatzen dabe aldaketa metodologiko horreek prestakuntza hobea dakartela ikasleengan. Enpresek, bestalde, zeharkako konpetentzietan prestakuntza handiagoa daben eta sormen/barne-ekintzailetzako zereginetan parte hartzeko prestutasun handiagoa daben pertsonak izateko dabezan eskaerak eta premiak asetuta ikusten dabez.

Adibide bat ipiniko dogu:

Bilboko Otxarkoaga Prestakuntza Ikastegiak jaurtiketa lehiaketa bat egin dau, Lanbide Heziketako Erdi Mailako Soldadura eta Galdaragintza Zikloko ikasleek azken hilabeteetan eraiki dabezan tamaina txikiagoko katapultak diren “trabuketeekaz”.

“Trabuketea” Erdi Aroko setio-arma bat da, 2 metro inguruko garaierakoa, harresiak suntsitzeko eta hormen gainean jaurtigaiak jaurtitzeko erabiltzen dana.

Azken hileotan, ikasleek hainbat metodologia garatu dabez, hala nola, lankidetzazko ikaskuntza edo erronketan oinarritutako ikaskuntza, gaur egungo merkatuak eskatzen dauazan lan baldintzetara egokitzeko beharrezkoak diran hezkuntza ereduak, bereziki soldaduragaz eta galdaragintzagaz lotutakoak.

Comparte