Hezkuntza orientazioa aholkularitzatik haratago doa. Ikasleen garapenean laguntzen dau, ikaskuntza-irakaskuntza prozesua pertsonalizatuz.
Eskola orientazioa –hezkuntza eta lan arloetakoa- ezinbesteko tresna bihurtu da hezkuntza integral baterako: ezagutza, trebetasun eta baloreetan. Eta hezkuntza etapa guztietan. Dena den, DBH eta Batxilergoan orientazioak are zentzu gehiago hartzen dau erabakiak hartzeko, askotan, ikasle gazteentzat zailak diran erabakiak. Bertan, orientazio taldeek rol erabakigarria dabe.
Holan, EBI ikastetxeen talde profesionalek ikasleak gidatzen dabez euren hezkuntza ibilbidean.
EBI hezkuntza sarean egiten dan bidelaguntza eta dagoan hurbiltasuna giltzarria da orientazio zerbitzuan, neska-mutilak laguntzeko euren garapen pertsonal eta akademikoan eta bokazioen bilaketan.
Orientazio taldeak giltzarri dira hezkuntza ikastegietan, bai familientzako zein tutore eta hezitzaileentzako. Hezkuntza etapa guztietan, euren eginkizun zabalak babesa eskaintzen dau hainbat alderditan: hezkuntza behar bereziak dabenekaz, aniztasunerako arretan, jarrera arazoetan, arazo emozionaletan, kanpoko babeseko zerbitzuaren koordinazioan, etab. Kasuak anitzak dira eta jokabide-nahasmendutik bullying-egoeretara doaz.
Maila orokorrago baten, eskola orientazioak fokua jartzen dau ikasleen hezkuntza erabakietan. Orientazioa, holan, izaera proaktibo bategaz dabil, bitartekaritza eta bidelaguntza jarraikorragaz etapa osoan zehar, eta ez bakarrik erabakiak hartzerakoan unean uneko jarduera huts bezala.
DBH 1. mailatik, ikasleek hautazko ikasgaiak aukeratu behar dabez. Horrela, orientazio taldeek neska-mutilei laguntzen deutsie gogoetarako, autobehaketarako. Lehenik eta behin, zein materia gustoko dabezan ezagutzeko, nondik doazen ikusteko.
DBH 3. eta 4. mailan, momento giltzarri baten, orientazio taldeek beraiekaz berba egiten dabe urteera profesionalez, gogoez, trebetasunez, beharrez… Orientatzaileen lana giltzarria da eta ikasleak gidatuko dabez saio espezifikoekaz, alkarrizketa pertsonalekaz, euren potentzialen inguruko gogoetak egiteko aukera emongo deutsien lanekaz eta, baita familiekaz egindako saioekaz be.
“Ikasleek hartu behar dabezan erabakiak zailak dira eta, sarritan, ez daukie argi”, azaltzen du Xandra Garcíak, Bermeoko Sagrado Corazón Ikastetxeko orientatzaileak. Horregaitik, euren lana, askotan, honakoan datza: “ahalik eta ate ireki gehien” edukitzea hautazkoak edo hezkuntza ibilbideak aukeratzeko orduan. “Ikasleen erdia inguruk badaki nondik jarraitu, Lanbide Heziketako prestakuntza zikloetara edo Batxilergora. Beste erdiarentzako dilema bat da eta aurre egin behar deutse orientazio taldearen laguntzagaz”.
Batxilergoan, orientazioak berebiziko garrantzia dau bidelaguntza beharrezkoa dalako erabaki-hartzeak mesedetzeko eta heldu arduratsu izaterako igarobidean. Batxilergo 1. mailan, aurreko ikasturtean aukeratutako modalitatea ebaluatzen da, aztertzeko aukeratutako bidea zuzena dan ala ez eta, modu honetan, aukeratu edo baztertu ahal izateko. “Gehienak galduta dagoz, badakite zer daben gustoko, baina askotan ez dabez tituluak ezagutzen edo horren atzean dagoan etorkizun profesionala”, azaltzen dau Irantzu Olarretak, Gernikako San Fidel Ikastolako orientatzaileak.
Horregaitik orientazio pertsonalizatua ezinbestekoa da. Batxilergo 2. mailan, orientazioa taldeak, ikasleekaz indibidualki eta familiekaz, ebaluatzen dau ikaslearen ibilbidea, haren bataz-besteko notak, zein nolako aukerak dauazan gradu bat edo bestea unibertsitatean egiteko. “Aukerak baloratzen hasten gara eta plan bat eraikitzen dogu: nota nahikoa bada, zein unibertsitate eta aukera dabezan…”, dio Olarretak.
Ikasleen berehalako etorkizuna diseinatzen da orientazio taldearen prestakuntzagaz, adituen berbaldiekaz eta unibertsitateekaz dagoan harremanagaz, familien eta neska-mutilen interesagaz batera. “Garrantzitsua da gustoko dabena egitea, baina ondo ezagutu behar dabez be euren aukerak eta zain daben lan mundua”, azpimarratzen dau San Fideleko orientatzaileak.