Eskola ibilaldiak, pentsamendua ikusgai egiteko hezkuntza tresna

EBI Elizbarrutiko Ikastetxeetako ikasleak ibilaldiak egiten ari dira barriro eskoletan ikasitakoa hobeto ulertzeko

‘Ulermenerako Irakaskuntza’ ereduaren alderdi bat da, Harvard-en garatutako metodologia

Behin normaltasun kutsu bat berreskuratuta, EBIko ikasleek ibilaldiez gozatzeko aukera dabe barriro. Naturara, ikasten daben herrira edo hirira, museotara, fauna babeslekuetara…

Baina urteera honeek ez dira ibilaldiak bakarrik. Urteera bakoitzaren atzean hezkuntza argudio argi bat dago, zentzu osoa dauana Elizbarrutiko Ikastetxeetan ezarritako ereduan. Harvardeko Unibertsitateak garatutako Pentsamendu ikusgarria (Visible Thinking) eta Ulermenerako Irakaskuntza metodologiek ikasleei euren kabuz pentsatzen laguntzen deutsien prozesua sortu dabe. Zergaitik, nola eta zertarako ikasi daben itaunduko deutsie euren buruari. Eta ibilaldietan, ereduak ikusgai egiten dauz galdera honeek.

Metodologia honetan, ezagutza eskoletan lantzen daben ulermen proiektuetatik abiatzen da, baina, unea iristen danean, ikasleek ikaskuntzan sakontzeko aukera bikaina dabe ibilaldiei esker. Urteera honeetan, zuzenean ikusiko dabe ikasten ari direna, natura bertatik-bertara ezagutuko dabe, arteak zer esan nahi duen ulertuko dabe, udal erakunde bat zer dan ikasiko dabe… Hori guztia ezagutza ikusgarrian sakontzeko, dudarik gabe, euren oroimenean, eta, batez be, euren ulermenean itsatsita geratu daiten.

Comparte