Carlos Esteban Garces teologo eta pedagogoa
“Erlejino-irakasgai barriak badau lekua jakintza-alor arteko egitasmoetan funtsezko gaitasunak ditu-eta”
“Erlejino-irakasgaiak giza heziketa izan behar dau eta ez sarbide erlijioso”. Argi eta garbi esan dau Carlos Esteban Garces teologo eta pedagogoak, jarduenan diharduan erlejino- eta erlejinoaren zientzia-irakasleak (San Pio X.a Pontifize Institutua, La Salle Unibertsitate Ikastegia) eta erlejinoari eta hezkuntza-sistemari buruz hamar liburu inguru idatzi dituanak. Esteban Garcesek erlejinoaren eta berau gaitasunen bidez (LOMLOE) eskola-curriculumean txertatzearen inguruko masterclass deitutakoa emon deutse sare publikoko, Kristau Eskolako eta EBI-Eleizbarrutiko ikastetxeetako arlo honetako irakasleei. Bilboko Eleizbarrutiak antolatutako jardunaldi hau Barrian, Gotzaitegiak Plaza Barrian dituan lokaletan, ospatu zan.
– Une honetan, ze egoeratan dago, zure ustez, erlejino-irakasgaia?
Irakasgaia, legegintza ikuspuntutik, koloka dago. Gai honi ez jako benetan heltzen. Baina, orokorrean, erlejino-eskola ondo dago. 2020an, 18.800 galdeketaren bidez egin genduan azterlanaren arabera, nahiko ondo funtzionatzen dau protagonistentzat. Gainera, familiek ‘oso ondo’ nota jarten deutse eta ikasleek gustuko dabe. Ikastetxe publikoetako ikasleen erdiaren esanetan, erlejinoko irakasleak gainerako irakasgaienak baino hobeak dira. Gogobetetasun argia erakusten dau.
– Irakasgaia, EBI ikastetxeetako hezkuntza-ardatzetako bat da
Eleizbarrutiko ikastetxeetan, maila pedagogikoan, irakasgaiak nahiko ondo funtzionatzen dau, baina ikuspuntu akademikoa, jakintza-alor arteko ikuspuntua, hobetu egin behar dogu. Erlejino-jakintzen eta beste jakintzagaien arteko lotura hobetu, gazteek ikasten diharduena beste arlo batzukaz –esate baterako, literatura, artea edo zientziak- lotuta dagoala ikusi daien. Ikasleak bere kultura heziketan eta heziketa pertsonalean aberastasun lez antzeman behar dau.
– Gaitasunen bidezko ikaskuntzan eta zeharkako edo jakintza-alor arteko egitasmoetan oinarritutako ikaskuntza-ereduan, zelan txertatzen da erlijio-irakasgaia?
Hain zuzen be, erlejino-curriculum barria jakintza-alor arteko egitasmoetan programatzeko moduan pentsatuta dago, funtsezko gaitsunen abiapuntu-perfilei erantzuten deutsen berariazko gaitasunak ditu-eta. Erlejino-curriculum barria beste egitasmo eta jakintza batzukaz landu ahal izango da, gainerako arloakaz alderatuz baldintza beretan aurkezten dalako.
– Irakasleak horretarako prestatuta dagoz?
Beti dago hobetzeko aukera. Aldi barria da eta ezinbestekoa da heziketa barria irakasleentzat. Erlejino-curriculuma jakintza-alor arteko eta gaitasunen araberako ikuspuntutik jorratzeak dakarren barritasuna geure egin behar dogu, atzetik datorkigun inertzia ez errepikatzeko.
– Zer jakin behar dabe familiek euren seme eta alabak irakasgaian matrikulatu aurretik?
Erlejinoa, aukera da familientzat. Erlejino-eskolak ideal eta balioak proposatu egiten ditu, ez inposatu, eta ez hori bakarrik, ideal eta balio horreen zergaitiak be aurkezten ditu. Eta zergaitia azaltzean, sineste eta uste sendo bihurtzen da. Honek sustrai eta zutabeak emoten deutsez ikasleei euren burujabetza pertsonal eta moralaren protagonista izateko.
– ‘Aukerako’ irakasgaia, benetan ete da?
Aukerakoak dira, baina ez irakasgai. Atzean curriculumik, oinarri akademikorik ez daukien jarduera hutsak dira. Dana dala, baterako egitasmoak egon daitekezala proposatu dogu.