“EBIn, etengabeko hobekuntzak, barrikuntzak, arretak eta kristau baloreek jaiotza-tasaren jaitsierari aurre egiten laguntzen deuskue”

Nerea Begoña, EBI Elizbarrutiko Ikastetxeak sarearen zuzendaria.

Jaiotza-tasa baxua, metodologia barriak, aniztasunarekiko arreta… Hezkuntzak erronka garrantzitsuei egin behar deutse aurre ikasturte honetan. Horretan sakondu dau Nerea Begoñak, EBI Elizbarrutiko Ikastetxeak sareko zuzendariak.

Ikasturtea hasi da, hezkuntzaren mundua garai zail baten dagoelarik, batez be jaiotza-tasaren jaitsieragaitik. Zelan hautematen da EBIn?

Jaiotza-tasa gizarte-arazo bat da, eta eragina dau gaur egungo gizartearen esparru guztietan, sektore askotan belaunaldi ordezkapenik ez dagoalako. Ikastetxeetan, Haur Hezkuntzan, orain dala urte batzuetatik hona egiaztatzen ari garen errealitatea da, eta gero eta nabariagoa da. Ikastetxeen iraunkortasuna arazo handia da, nahiz eta Hezkuntza Sailak geletako ikasle-ratioa jeitsi eta finantzaketa zertxobait hobetu dauan. EBIn ez deutsagu errealitate horri ihes egiten, baina egia da, gure sarean, etengabeko hobekuntza, barrikuntza kudeaketa eremu guztietan eta baita pedagogikoetan be, eta ahulenei emandako arreta eta kristau baloreak lagungarriak dirala egoeraren konplexutasunari aurre egiteko.

EBI sareak metodologia barritzaileak dauz aspaldidanik, bere bereizgarrietako bat da. Norantz doa hezkuntza?

Hezkuntzaren bidea honakoa da: diziplina artean lantzea bizitzarako gaitasunak,eta arreta pertsonalizatua aniztasunean eta pertsonen hezkuntza emozionalean garatzea, besteak beste. Hori guztia, ikasleekaz, familiekaz, auzoagaz, herriagaz.. lankidetzan, azken batean, bizi garen inguruneagaz lankidetzan.

Zeintzuk dira egungo hezkuntzaren erronkak, metodologietatik harago?

Biztanleria etorkinaren eta zaurgarriaren harrera, aniztasunarekiko arreta (gaitasun handiak eta txikiak), batez be. Teknologiari jagokonez, Adimen Artifiziala erronka bat eta aprobetxatu beharko dogun aukera bat da.

Lanbide Heziketak eskaera handia dau. Nola egiten dau EBIk haren alde?

Bizkaiko elizbarrutian, Lanbide Heziketa, garai hartan ikastunen eskola deitua, lehen apustua izan zan hezkuntza arloan. Lanbide Heziketako bost ikastetxe doguz: Bilboko Otxarkoaga, Zeanuriko Zulaibar, Ondarroako Nautika- eta Arrantza-eskola, Sopuertako San Viator eta Muskizko Somorrostro. Guztira, bost mila ikasle baino gehiago dagoz prestakuntza arautuaren eta ez-arautuaren artean. Hezkuntza Sailak Lanbideko prestakuntzaren zati osoa bere gain hartzeagaz batera, LHko ikastegiek hezkuntza-eskaintza handitzen dabe lanbide-ziurtagiriagaz, honeek C graduak deituz. Bestalde, ikastetxearen eta enpresaren arteko prestakuntza duala inposatu egin da. Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan, Lanbide Heziketaren kualifikazio bikaina erreferente bihurtu da Estatuan, eta familiek gero eta gehiago eskatzen dabe. Lanbide Heziketa Bilboko Gotzaitegiaren hezkuntza-apustu garbia da.

Comparte