EBIk hazten jarraitzen dau: Bilboko Ángeles Custodios Ikastetxea hezkuntza sarean sartu da

Bilboko Angeles Custodios Ikastetxea EBI sareko kide bihurtu da. Bilboko ikastetxe historikoa, Rafaela Ybarrak 1897an sortua eta ordutik aurrera Aingeru Zaindari Santuen erlijinosoek kudeatua, Bilboko Gotzaindegiaren mendeko hezkuntza-sareko 19. ikastetxea da.

Kongregazio erlijiosoa berregituratze prozesuan dago eta ikastetxea Bilboko Gotzaindegiaren esku iztea erabaki dau. Holan, erlijiosoek eta Eleizbarrutiko Ikastetxeetako Antonio Añoveros Fundazio Kanonikoko patronatuak hitzarmena sinatu dabe abenduan, hezkuntzaren kudeaketa EBI Elizbarrutiko Ikastetxeak erakundearen esku egon daiten.

“Gure misioa, ikuspegia eta baloreak EBI sareagaz bat datozenez, lankidetza batzuk ezarri doguz, eta hausnarketa estrategikoko prozesu zehatz baten ondoren, gure ikastetxea Elizbarrutiko Ikastetxeen sarean sartu da. Hezkuntza komunitate osoak ilusioz bizi dogu etapa berri hau”, azaldu dau Josune Elorduik, ikastetxeko zuzendariak.

Ángeles Custodios Ikastetxeak kongregazinoak 128 urte hauetan izan dauen esentziari eta karismari eutsi egiten deutso, eta, aldi berean, aniztasunarekiko arretaren, integrazioaren eta guztien inklusioaren alde egiten jarraitzen da, bere tradizio pedagogikotik abiauta, zeinak kudeaketaren, instalazioen eta hezkuntza-metodologien barrikuntzarako estrategia bultzatzen baitu.

Orain, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa eskaintzen dauazan ikastetxea EBIra batu da, barrikuntza pedagogikoa eta sareko hezkuntza-lana indartzeko eta irakaskuntzaren kalitatearen eta bikaintasunaren aldeko apustua egiten dauan sare batez baliatzeko.