EBI sareko 19 ikastetxetako mila ikaslek beren proiektu zientifikoak erakutsi dabez V. EBI STEAM azokan, Muskizen

EBI sareko 19 ikastetxeetako mila ikasle inguruk parte hartu dabe pasa dan eguenean, urtarrilaren 22an, ‘EBI STEAM Azokaren’ bosgarren edizioan. Azoka zientifiko eta artistiko honetan, adin guztietako ikasleek, Haur Hezkuntzatik Batxilergora Lanbide Heziketakoak be kontuan izanda, STEAM diziplinei lotutako ehun proiektu inguru aurkeztu dabez (zientziak, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak, ingelesezko sigletan), gaur egungo hezkuntzan ezinbestekotzat joten diranak.

Ekitaldia Muskizko Somorrostro eta San Juan Ikastetxeetan egin da. Adin guztietako neska-mutilek proiektu zientifiko eta teknologiko barritzaileak aurkeztu dabez, hala nola unibertsoaren historian zeharreko bidaia interaktiboak, eguzki-sistemari buruzko maketa robotizatuak, anatomiari, boligrafoei, betaurrekoei eta 3D inprimagailuei buruzko esperimentuak, ikasleek eraikitako musika-tresnak, dibulgazio zientifikoko proiektuak, sistema robotikoak eta robot automatak edo itsasoan bizirauteko kitak, zientzia, teknologia edo arteagaz lotutako hamaika proposamenen artean.

Proposatzen dabezan STEAM irtenbideak eta proiektuak, gainera, ikasleek beren ikastetxeetan ikasten dabezan ikasgaiekin lotuta dagoz, eta, horregaitik, azken hilebeteetan EBI sareko ikastetxe eta ikastoletan ezarritako metodologien arabera egindako lanak dira.

Edizio honetan, gainera, V. EBI STEAM Azokak tailer eta erronka zientifiko eta hezitzaile batzuk sartu dauz, goiz osoan ikasle guztiak inplikatu dabezanak. Holan, jolas interaktiboak, DJ tailerrak, laser grabagailuak edo Lanbide Heziketako hainbat gradutako ikasleek antolatutako ule-apainketako eta manikurako jarduerak izango dira. Ikastetxeetako standak Somorrostro Ikastetxeko areto nagusian eta gimnasioan egongo dira, eta tailerrak, barriz, San Juan Ikastetxean.

Bokazio zientifikoak indartzea

Azokak helburu bikoitza dau. Alde batetik, hezkuntza-sareak bokazio zientifikoak piztu eta indartu gura dauz ikasleen artean, bai mutilen bai nesken artean, eta, bestetik, azken urteetan ikastetxe eta ikastoletan ezarritako metodologia barritzaileen emaitzak erakutsi gura dauz, batez be proiektuetan eta erronketan oinarritutako ikaskuntza.

Bilboko Gotzaindegiaren menpeko sareak 19 ikastetxe dauz Bizkaia osoan, ikastola, ikastetxe eta lanbide heziketako ikastetxeen artean, eta 13.000 ikasle eta 1.100 irakasle baino gehiago dauz. Ikastetxeetan, EBI sareak Haur Hezkuntza 0 urtetik aurrera, Lehen eta Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa maila guztietan, hezkuntza berezia edo enplegurako hezkuntza eskaintzen dauz.