EBI sareko 18 ikastetxetako mila ikaslek euren proiektu zientifikoak erakutsi dabez IV. EBI STEAM azokan, Gernikan

  • Joseba Segura Bilboko gotzainak, Iñaki Orbe Eusko Jaurlaritzako Bizkaiko hezkuntza delegatuak eta José María Gorroño Gernikako alkateak zientzia azoka inauguratu dabe gaur, 2025eko urtarrilaren 23an, 10:00etan, San Fidel Ikastolan, Gernikan (Carlos Gangoiti, 11).
  • Bilboko Gotzaindegiko ikastetxeek laugarren STEAM azoka ospatu dabe bokazio zientifikoak pizteko eta ehun proiektu baino gehiago aurkeztu dabez diziplina honeetan: zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak.  
  • Proiektu zientifiko eta teknologiko barritzaileak, hala nola joko elektronikoak, robot automatak, laborategi eta esperimentu kimikoak eta zientifikoak, maketak, laborategiak, 3D inprimaketa, eguzki-panelak, lorategi bertikalak, laserrak edo beso robotizatuak, dira ikasleen proposamenetako batzuk.
  • Hezkuntza sareak azken urteotan ezarritako metodologia pedagogiko barritzaileen emaitzak agerian jarri dauz.

BILBO, 2025eko urtarrilaren 23a.  EBI Elizbarrutiko Ikastetxeak – Centro Diocesanos sareko 18 ikastetxeetako mila ikasle inguruk parte hartu dabe gaur, urtarrilak 23, EBI STEAM Azokaren laugarren edizioan. Azoka zientifiko-artistiko honetan adin guztietako ikasleek, Haur Hezkuntzatik Batxilergora eta Lanbide Heziketara, STEAM diziplinei (zientziak, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika, ingelesezko sigletan) lotutako ehun proiektu baino gehiago aurkeztu dabez. Diziplina hauek funtsezkotzat jotzen dira egungo hezkuntzan.

Ekitaldia San Fidel Ikastolan egin da, Gernikan, (Carlos Gangoiti kalea, 11), eta 10:00etan hasi da, Iñaki Orbe Eusko Jaurlaritzako Bizkaiko hezkuntza delegatuak, Joseba Segura Bilboko gotzainak eta Jose Maria Gorroño Gernikako alkateak inauguratu dabe. Ondoren, ikasleek eta irakasleek proiektu zientifiko, teknologiko eta artistikoak azaldu eta aurkeztu dabez.

Holan, ikasleek proiektu zientifiko eta teknologiko barritzaileak aurkeztu dabez, hala nola joko elektronikoak, robot automatak, laborategi eta esperimentu kimikoak, roboten eraikuntza, planetak eta sateliteak simulatzen dabezan sistema robotikoekaz egindako maketak, kontzeptu zientifiko eta matematikoen aplikazioak, eguzki-panelak, lorategi bertikalak gure herri eta hiriak hobetzeko, landare eta lore sortzaileak, laserrak, beso robotizatuak, beldurrezko filmak… Zientziagaz, teknologiagaz edo arteagaz lotutako hamaika proposamen.

Proposatu dabezan STEAM konponbideak eta proiektuak, gainera, ikasleek euren ikastetxeetan ikasten dabezan irakasgaiei lotuta dagoz, eta, horregaitik, azken hilabeteetan EBI sareko ikastetxe eta ikastoletan ezarritako metodologien arabera egindako lanak dira.

Edizio honetan, gainera, IV. EBI STEAM Azokak goiz osoan zehar ikasle guztiak inplikatuko dabezan tailer eta erronka zientifiko eta hezitzaile batzuk sartu dauz. Holan, txikienek, Haur Hezkuntzakoek, domino-tailerrak euki dabez ingelesez, 3D eraikuntzak edo galdera-jokoak; Lehen Hezkuntzan, tailer eta jolasei esker, neska-mutilek material birziklatuz egindako auto bategaz lehiatu dabe, edo kit elektronikoekaz jolastu dabe. DBHko eta Batxilergoko ikasleek orientazio-tailerretan, programazio robotikoan edo odol-analisietan parte hartu dabe.

Zientzia bokazioak piztu

Azokak helburu bikoitza dau. Alde batetik, hezkuntza sareak bokazio zientifikoak piztu eta sustatu nahi dauz ikasleen artean, mutilen eta nesken artean, eta, bestetik, azken urteotan ikastetxe eta ikastoletan ezarritako metodologia barritzaileen emaitzak erakutsi nahi dauz, batez be proiektuetan eta erronketan oinarritutako ikaskuntza.

Bilboko Gotzaitegiaren menpeko sareak 18 ikastetxe dauz Bizkaia osoan, ikastola, ikastetxe eta Lanbide Heziketako ikastegien artean, eta ia 13.000 ikasle eta 1.050 irakasle biltzen dauz. Ikastetxeetan, taldeak 0 urtetik aurrerako hezkuntza, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza eskaintzen dauz, baita Batxilergoa, maila guztietako Lanbide Heziketa, hezkuntza berezia edo enplegurako hezkuntza be.

Hezkuntza talde aitzindaria

Hezkuntza taldeak, ikastetxeen bidez eta, batez be, ikasleen bidez, ezarritako metodologia pedagogikoen emaitza agerian utziko dau. EBI sarea aitzindaria izan da, izan be, diziplina zientifikoak eta teknologikoak sustatzeko hezkuntza eredu aurreratuenetako batzuk ezartzen. Halaber, robotika eta xakea bezalako diziplinak eskola-curriculumean sartu dauz, irakasgai bezala, adimen logiko-matematikoa sustatzeko helburuagaz.

Ikaskuntza-eredu honi esker, ikasleek “euren gaitasunak hobetzen dabez, aztertzeko, informazioa behatzeko, hausnartzeko, sakontzeko eta azaltzen jakiteko“. “Lehen esperientzietatik, ikastetxeetan, umeen ezezagunari eta ustekabekoari aurre egiten ikasten dabe, etengabe aldatzen ari dan mundu batean moldatzen ohitzeko”, azaldu dau EBI Elizbarrutiko Ikastetxeak sareko zuzendari Nerea Begoñak. “Gaur egun, gure konpromisorik garrantzitsuena hurrengo belaunaldia mundu konplexu honetarako heztea da”, gehitu dau.

EBI sarea ikastetxe honeek osatzen dabe: Ondarroako Antiguako Ama Arrantza Eskola; Bilboko Artxandape Ikastola; Sodupeko Avellaneda Ikastola; Bilboko Begoñazpi Ikastola; Markinako Berakruz Ikastola; Muskizko Somorrostro Prestakuntza Ikastegia; Bilboko Otxarkoaga Ikastetxea; Barakaldoko La Inmaculada Ikastetxea; Bilboko Iparragirre Ikastola; Erandioko Jado Ikastetxea; Elorrioko Maria Bitarteko Ikastetxea; Santurtziko Patronato Ikastetxea; Bermeoko Sagrado Corazón Ikastetxea; Ortuellako San Felix Ikastola; Gernikako San Fidel Ikastola; Muskizko San Juan Ikastetxea; Sopuertako San Viator Ikastetxea; eta Zeanuriko Zulaibar Ikastegia.

Zientzia Azokak Educamos, Gastronomía Cantábrica, Lansegur, Banco Sabadell, Grupo Solitium, Iberdrola, Umas Mutua de Seguros eta Rural Kutxaren laguntza dau.

Comparte