EBI Elizbarrutiko Ikastetxeak-Bizkaiko Elizbarrutiko Ikastetxeak sareak ikastetxe barri bat integratu dau, Erandioko Jado Ikastetxea, orain arte Hermanos Maristasek kudeatua eta orain Bilboko Gotzaindegiaren menpeko hezkuntza taldekoa izango dana.
Zuzendari barria Borja Cazalis da (EHUko Enpresa Ikasketak), eta esperientzia handia izan dau negozio-proiektuak garatzen eta ezartzen, bai besteren kontura, bai korporazio handientzat.
“JADO ikastetxera iritsi nintzanean, Erandioko udalerrian hezkuntza-lan handia egiten dauan ikastetxe bategaz egin neban topo, herrian inplikazio handia dauan ikastetxe bategaz, ia 100 urteko historiagaz, eta handik familia bereko hiru belaunaldi igaro dira. Bertan, irakasleen zati handi bat ikasle ohiak dira, eta kristau balioen defentsan hezi dabez, Jadoren sorrera-printzipioa modu konprometituan bilatzen dabenak: Erandioko haurren zaintza eta hezkuntza”, dio berak.
Orain, ikastetxea EBI sarean sartu da, “horrek hezkuntza- eta kudeaketa-kalitatean dakartzan aurrerapenegaz eta hobekuntzagaz”, aztertzen du.
Holan ba, Elizbarrutiko hezkuntza taldeak 18 ikastetxe, ikastola eta Lanbide Heziketako ikastegi hartzen dauz bere baitan, 12.500 ikasle inguru eta 1100 langile baino gehiago izanik.
Aldaketak beste bi zuzendaritzatan
Aldi Berean, Sopuertako San Viatorrek be zuzendariz aldatu dau, Luciano Cearsoloren erretiroaren ondoren, 41 urte eman eta gero ikastetxean lanean, azken urteotan zuzendari bezala. Ikastegiaren buru Bego Maite Jiménez Ocio zuzendari barria dago, Sunderland Universityn Enpresa Zientzietan lizentziaduna; Manahmana S.Koop enpresaren ekintzaile eta fundatzailea; barrikuntza eta ekintzailetzan aditua.
“Luciano Cearsolok 41 urtez egindako lan handiaren lekukoa hartzeko nigan jarritako konfiantzagaitik eskertuta nago. Egokitzapenaren lehenengo urte honetan, nire helburu nagusia San Viator proiektua bultzatzea izango da, datozen eta zain ditugun garai aldakorrak kontuan hartuta, trantsizio teknologikoari, sozialari, hezkuntzakoari eta baita elizakoari be aurre egiteko “, azaldu dau zuzendariak.
“Espero dot barrikuntzaren, ekintzailetzaren eta nazioartekotzearen munduan dodan esperientziak ekarpenak egitea eta osatzea San Viator proiektuagaz eta inpaktua izatea Sopuerta aldean eta Enkarterrietako lurraldean”, gehitu dau.
Ondarroako Arrantza Eskolak be zuzendari barria dau, Bittor San Millán-en bajaren ostean. Amaia Basterretxea izango da, zuzendaria eta Bermeoko Sagrado Corazón Ikastetxeko burua bost urtez. Orain, bi ikastegien zuzendaritzak uztartuko dauz.
“Ikasturtea ilusioz eta erronkari heltzeko gogoekaz hasi dot. Ilusioz gainezka nago Ondarroako Arrantza Eskolako proiektua bultzatzeko, han etxean bezala sentitzen naz”, adierazi dau.