EBI: babestu, lagundu eta eraldatzen daben komunidadeak

Elizbarrutiko Ikastetxeak sarean hezkuntza ulertzeko modu bat partekatzen dogu: pertsona bakoitza zaintzen dogu eta alkarregaz lan egiten dogu errealitateak eraldatzeko. Gure kristau nortasunak etorkizunari itxaropenez begiratzera eta ikasle bakoitza egiten dogun guztiaren erdigunean jartzera bultzatzen gaitu.

Pertsona guztiak babestuta sentitzen diran hezkuntza-komunitatea izan gura dogu. Aniztasunari ateak zabaltzen deutsaguz, bere forma guztietan, eta gehien behar gaituenei laguntzen deutsegu bereziki. Pertsona bakoitzaren duintasunean irmoki sinisten dogulako, salbuespen barik.

Gure ikastola eta ikastetxeak ezberdinak badira be eta etapa ezberdinei erantzuten badeutsee be, guztiok bat gatoz funtsezkoa danagaz: familien alboan egotea, laguntzea eta zaintzea.

Neskak eta mutilak seguru eta alkarrengandik hurbil sentitzeko espazioak sortu gura doguz, autonomiaz eta konfiantzaz hazi ahal izateko, garrantzizko zerbaiten parte dirala jakiteko. Horrela, gaurko erronketarako prestatutako eta etorkizun hobea eraikitzeko konpromisoa daben pertsonak prestatzen doguz.