Begoñazpi Ikastolak, munduko eskola-sari garrantzitsuenetarikoa dan Global Innovation Awardeko munduko finalean parte hartuko dau

  • Munduko 80 herrialdetako ehundaka taldek parte hartuko daben Estatu Batuetan izango dan zientzia eta teknologia lehiaketa ospetsu honetan, Europako Norvegiako proiektu bat eta Begoñazpi Ikastolakoa baino ez dira izango.
  • Ikastolako DBH 4. mailako neska-mutil talde batek, itsuak diranei edota ikusteko desgaitasuna dabenei paralinpiar kirol bakarra dan goalballera jolastean orientatzen lagunduko deutsen besoko elektronikoa sortu dau.
  • Datorren asteko astelehenetik eguaztenera bitartean, online izango dan finala, zortzi herrialdetako 20 taldek jokatuko dabe.

BILBO, 2021eko ekainaren 22a. Bilboko Begoñazpi Ikastolako DBH 4. mailako ikasle talde batek, datorren asteko astelehenetik eguaztenera bitartean izango dan Global Innovation Award zientzia eta teknologia lehiaketan parte hartuko dau. Munduko 20 taldek lortu dabe finalera heltzea, horreetako bi baino ez dira Europakoak, Begoñazpi Ikastola eta Norvegiako ikastetxe bat.

Global Innovation Award, First Lego League (FLL) nazioarteko zientzia, teknologia eta robotika programaren barruan dago. Izan be, munduko hezkuntza lehiaketa garrantzitsuenetariko bat da. Programak, taldeak benetako arazoei urtenbide barritzaileak emoten bultzatuko dauz, aurtengo gaia “kirola eta ohitura osasungarriak” izan dalarik.

Goalvolution izeneko talde bilbotarra–lehiaketak egoitza Manchesterren (New Hampshire, AEB) badau be- kirolari itsuei edota ikusteko desgaitasuna daben pertsonentzat dan paralinpiar kirol bakarra dan goalballera jolasten dabenei lagunduko deutsen zientzia eta teknologia proiektu bati esker, online lehiatuko da.

Hain zuzen be, Begoñazpi Ikastolako taldeak, Python eta Arduino programazio-teknologiaren bidez, goalball jokalariei kantxan orientatzen laguntzeko, bai mugimendua antzemateko programa, bai besoko elektronikoak sortu dauz.

Kantxako goiko aldean kokatutako kamaragaz konektatuta dagoan besokoak, zelain kokatzeko zein zelaitik ez urtetako, bibrazio txikiak igorriko deutsez jokalariei. Proiektua aztertu eta garatzeko, Begoñazpi Ikastolako ikasleek ONCE erakundeko Euskadiko jokalariak alkarrizketatu dabez.

Izan be, goalballera jolastean, jokalariek entzumenaren bidez, barruan kaskabiloak dauazan baloiaren ibilbidea antzemango dabe. Dana dala, Begoñazpi Ikastolako taldekideek azaldu dabenez, ohikoa izaten da kantxan desorientatzea.

Benetako arazoari urtenbidea emonez

First Lego League lehiaketara aurkezten diran mundu osoko 80 herrialdetako ehundaka talderen artean, batzorde antolatzaileak, pasa dan maiatzean izan zan bigarren sailkatze fasean, Estatua ordezkatu eben lau eskola-taldeen artean talde bilbotarra hautatu eban. Orain, Estatu Batuetako hainbat taldez gain, Brasil, Kanada Israel eta Tunisiako 19 ikastetxegaz batera egongo da Begoñazpi Ikastola finalean.

Batzorde antolatzaileak aitortu dauanez, azken hamarkadetan inklusioak, kirol munduan erabateko aldaketa izan dau, nahiz eta oraindik desgaitasuna daben pertsonei kirola egiteko asmoa kentzeko, hainbat arrazoi egon. Horregaitik emongo deutso Bilboko taldeak sortutako proiektuak “benetako arazo bati urtenbide teknologiko barritzailea”.

Ez da Bilboko Ikastola hau lehiaketa honetako munduko finalera heltzen dan lehen aldia. 2016an Washingtonen izan zan finalean adin bereko Ikastolako talde batek, paper-zapi bustiak birziklatu eta berrerabiltzeko proiektu zientifikoa azalduz, parte hartu eban eta.

Merkat Bernaola Begoñazpi Ikastolako zuzendariaren esanetan: “lorpena “Begoñazpi Ikastolako ildo pedagogiko eta metodologikoari jagokonez, batez be, Ikastolako zientzia eta teknologia programari eskainitakobeste aintzatespen bat da”.

Comparte