Eguneroko bizitzako erritmo aztoratuaren, ordutegi, ardura, erronka eta joan-etorrien zurrunbiloan sartuta, bizitzari berari zentzuna eta sakontasuna emoten deutson oinarrizko jokabidea, hau da, esker oneko izatea, ahaztu egin geinke. Gure kristau nortasunetik, esker ona ez da ez zirrara igarokor ez gizarte kunplimendu hutsa, munduari begiratzeko, bizitzaren aurrean kokatzeko eta besteakaz hartu-emona izateko era baino.
Bizitza, beste ezer baino lehen, oparia dala uste dogu. Guk aurretik meriturik egin barik, Jainkoarengandik doan jasotako doea. Lagun bakotxa, hartu-emon bakotxa, hazteko eta ikasteko aukera bakotxa, opari horren zati da. Gure seme eta alabak ikuspuntu horretatik hezten doguzanean, garana eta daukaguna gure ahaleginetik ez ezik aurretikoa dan eta eutsi egiten gaituan maitasunetik sortzen dala ikusarazo gura deutsegu.
Baina bizitza, eginkizun be bada. Ez da nahiko jasotzea: erantzutea dagokigu. Benetako esker ona ez da hitzetan geratzen, konpromiso, erantzukizun eta jaso dogunaren jabe egite bihurtzen da. Ikasleei eskerrak emoten irakastean, ekintza sakonagora deitzen doguz, hain zuzen be, ona autortzera, berau baloratuz eta besteen esanetara jarriz.
Gure familietan eta ikastetxeetan, beraz, esker ona funtsezko heziketa-jarrera bihurtzen da. Eguneroko kontuetan ikasten da: benetan “eskerrak emotean”, besteen ahalegina autortzean, egunero oparitzen jakuna atzemateko falta danetik harago begiratzeko gaitasunean… Sarritan kexuz eta atsekabez beteta agertzen jakun testuinguruan, esker onean heztea, itxaropenean heztea da.
Gaur, eskerrak emotea baino ez dot nahi. Eskerrik asko pertsonei lagun egiteko eta irakasle, familia eta ikasleakaz batera bide egiteko zeregin zoragarri honetan bizi izandako hainbeste urterengaitik eta euretako bakotxak nire buruarengan eragin dauan aldaketagaitik. Izan be, aldi honetan, gauza garrantzitsu bat ikasi dot bederen, hau da, heztea beste batzukaz batera egiten dala, eta bat egite bakotxaren atzean, oparia dagoala ezkutatuta.
Bihotza beteta dodala begiratzen dot atzera. Urte bizi-biziak izan dira, erronkaz, erabaki zailez betetako urteak, baina baita aurpegiz, istorioz, arimadun heziketa-egitasmoa itxuratu izan daben urrats handi eta txikiez betetakoak be. Oso esker oneko nago jasotako guztiagaitik, konfiantzagaitik, laguntzagaitik eta nire bizitzan betirako geratu diran esperientziagaitik.
Eta, aldi berean, urrats hau itxaropenez beteta emoten dot. Heziketa-eginkizunak jarraitu egiten dau-eta. Gutako bakotxa zehazki baino garrantzitsuago dalako aurrerantzean be danon artean eraikitzen jarraituko dogun arrastoa. Belaunaldi bakotxak, familia bakotxak, hezitzaile bakotxak eta ikasle bakotxak bizirik eusten deutso gainditu eta batu egiten gaituan zeregin honi.
Beraz, esker onez eta lasaitasunez esaten dot agur, ereindakoak ernetzen eta hazten jarraituko dauala jakinda. Eskerrik asko bihotzez!
