BeraKruz Ikastolak Jazotakoa Jaso bideoklip lehiaketaren banaketa ekitaldia hartu dau

Bilboko Elizbarrutiko Kultur Erakundeen Mahaiak antolatutako Jazotakoa Jaso bideoklip lehiaketak sari banaketa ospatu dau joan dan apirilaren 21ean, ekitaldi hunkigarri batean. Edizio honetan, bederatzigarrena, EBI ikastetxeei zuzendutako lehiaketaren leloa ekologia integralaren, Ama Lurraren zaintzaren eta Laudato Si lanaren inspirazioaren ingurukoa izan da, eta, holan, gure ingurunearekiko konpromisoan jarri dau arreta.

Ekitaldia Markinako BeraKruz Ikastolako instalazioetan egin da eta bertako ikasleek bideoklip onenaren saria irabazi dabe. Ekitaldia, gainera, zuzenean emon da Somorrostro Heziketa Zentroko Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleen lankidetzari esker. Esteka honetan ikus daiteke osorik:

Gainera, Javi Onaindia elizbarrutiko irratien zuzendariak aurkeztutako sari banaketan Kerman López bikario nagusiak hartu dau parte.

Holan, Berakruz Ikastolarentzako sari nagusiaz gain, epaimahaiak hezkuntza kategoria ezbardinetako lan onenak saritu dauz. Haur Hezkuntzako saria San Juan Ikastetxearentzat izan da, eta Lehen Hezkuntzakoa, barriz, Artxandape Ikastolarentzat. Bigarren Hezkuntzan, San Felix Ikastolak jaso dau saria, eta Batxilergoan, Avellaneda Ikastetxeak.

Aintzatespen bereziak be emon dira: Gela Egonkorraren saria San Viatorrek jaso dau, euskeraren erabilera onenaren saria San Fidel Ikastolak, eta diziplinarteko lan onenaren saria Otxarkoaga Ikastetxeak. Bestalde, boto gehien jaso dauazan bideokliparen saria San Juan Ikastetxearentzat be izan da.

Jazotakoa Jaso bezalako ekimenekaz, EBIko ikastola eta ikastetxeek sormena, talde-lana eta balioak integratzen dabezan hezkuntza-proposamenak bultzatzen jarraitzen dabe, ikasleei hizkuntza barrien bidez adierazteko eta hausnartzeko espazioak eskainiz.