Konfiantza, berbak baino askoz aurretik hasiko da. Hain zuzen be, abegi egiten dauan begiradan, eutsi egiten daben besoetan, baretu egiten dauan ahotsean eta gehien behar dogunean norbait hurran dagoeneko ziurtasunean sortuko da. Horregaitik, Haur Hezkuntzako lehengo aldietan, harrera eta zaintza lana ikastetxera moldatzeko bideak jartzea baino askoz gehiago da: mutiko eta neskato bakotxa, mundua eta bere burua segurtasunez inguratuta atzematera eroango dauan hartu-emonaren hasiera da.
EBI-Eleizbarrutiko ikastetxeak sarean gagozanontzat, hezitzea, lagun egitea da. Ikasleen ondoan egotea. Ume bakotxak dan lez autortzen, maitatzen eta baloratzen dabela sentituko daben eremuak sortzea. Eta akonpainamendu hori sortuko bada, ezinbesteko da irakasleen, familien eta ikasleen artean lotura eskua, konfiantzazkoa, izatea. Eskola eta familia eskutik, begirada, kezka, poz eta zailtasun berak izanda, doazanean, umeek be euren euskarri dan inguru seguru eta koherentean dagozala somatzen dabe.
Konfiantza, eguneroko keinu txikien bidez eratuko da: harrera nasaia egunaren hasieran, familiakazko barriketaldian, ume bakotxaren erritmoak aintzat hartzean eta umeen emozino eta preminak buruz buru jagotean. Ume batek bildur barik hitz egin, arakatu, erratu eta hazi leikela sentitzean, bere buruarengan eta besteengan konfiantza izaten hasiko dalako.
EBI sarean, uste sendoa dogu: bizitza bakotxa opari dala eta hezitzea, besteen bidea, inor atzean itzi barik, jagotea, eustea eta argitzea dala.
