Bakea, bizikidetza eta adiskidetzea jorratzen dabezan ‘Jazotakoa Jaso’ sariak banatu dira

EBI Elizbarrutiko Ikastetxeei zuzendutako Jazotakoa Jaso IV. bideoklip lehiaketako irabazleak doguz jada. Eguazten honetan banatu dira Somorrostro Prestakuntza Ikastegian egindako ekitaldian.

Markinako Berakruz ikastolak aurkeztu dauan “Erantzi mozorroak” bideokliparentzat izan da bideoklip onenaren saria –honako honegaz batera agertzen da-. Jentearen bideoklipik gustukoena, Elorrioko Maria Bitarteko ikastetxeari emon deutse. 

Lehiaketaren antolaketaz arduratu dan Kultur Erakundeen Mahaitik esker ona adierazo deutse ikastetxeetako irakasle eta ikasleei parte hartzeagaitik eta aurkeztu dabezan bideoen kalitateagaitik. Bideoklip guztiak, hemen.

Epaimahaiaren aktan aldi bakotxean saritu diran lanak jasoten dira. Haur Hezkuntzako saria “Maria Bitartekotik mundura” Maria Bitarteko ikastetxekoek aurkeztu daben bideoklipak jaso dau. Lehen Hezkuntzan, “Bakea, bizikidetza eta adiskidetza” Santa Eulalia ikastetxearen lanari emon deutse lehenengo saria. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Avellaneda ikastetxea izan da saritua, “Zergaitik ez” bideoklipagaitik. Batxilergoko saria, “Elkarbizitzaren historia” lana aurkeztu dauan Somorrostro ikastegiarentzat izan da. Jakintagaiak ondoen landu dituan ikatetxea, Artxandape ikastola izan da, “Bakearen aldeko lorpenak” lanagaitik. Bermeoko Jesusen Bihotza ikastetxeak euskeraren erabilera onagaitik jaso dau saria, “Nire ametsetako mundua” lana aurkeztuz.

Aurtengo gaia: Bakea, bizikidetza eta adiskidetzea

2021ean, Bake eta Konfiantzaren Nazinoarteko Urtean, “Bakea, bizikidetza eta adiskidetzea”gaia proposatu eban Kultur Erakundeen Mahaiak ekitaldi honetarako. Ikastetxe bakotxak bideo labur bat aurkeztu dau, gai hau eguneroko bizitzan zelan lantzen daben azalduz.

Comparte