Bake eta alkartasun keinuak

EBI ikastetxeek Bakearen Eguna ospatu dabe, indarkeria ezaren kulturan, tolerantzian, errespetuan… sakontzeko hainbat ekimenekaz.

Bakea, tolerantzia, indarkeria eza, errespetua, alkartasuna… Bakearen Egunean oso modu desberdinetan islatzen diran berezko baloreak EBI sarean. Adibide batzuk ipiniko doguz.

Otxarkoaga ikastetxean, adibidez, DBHko 3. mailako ikasleek Pagasarrira urteera egitea erabaki dabe, bakearen eta indarkeria ezaren esanahiari buruzko hausnarketa hasteaz gain. Lanaldi emankorra, zalantza barik.

Iparragirre Ikastolak, urtero bezala, Haur Hezkuntzako haurrak eta haien familiak bakearen eta alkartasunaren kulturan murgiltzeko ekimenak jarri dauz abian. Aurten, beraz, Muduaz Blai alkarteagaz aritu da, eta eskola-materialaren bilketa bat jarri dau abian, Saharako errefuxiatuei laguntzeko. Jertseak eta poltsak ere saldu dauz, helburu beragaz.

Patronato Ikastetxea kalera atera da bakea eta indarkeria eza eskatzeko eta Aspanovasegaz haurren minbiziaren ikerketaren alde egindako ekarpena eta lankidetza agerian uzteko.

Barakaldon, La Inmaculada Ikastetxeak bat egin dau Elizbarrutiko Pastoral Barrutiak antolatutako ekitaldiagaz, udalerriko ikastetxeen eta alkartearen arteko loturak sortzeko. Holan, ekitaldi sinboliko eta ikusgarri bat prestatu eben, non BAKEA eraikitzen joan ziran, fisikoki, “BAKEA” hitza osatzen daben hizkietako bakoitzagaz.

Artxandape Ikastolak, bestalde, Bakearen Eguneko jarduera bereziekin egunero lantzen dituen balioak indartu ditu. Horrela, ikasle guztiekin, une polita partekatu du komunitatean, gatazkarik gabeko mundu askea aldarrikatzeko.

San Fidel Ikastolak bakearen esanahia landu eban Haur zein Lehen Hezkuntzako ikasleekaz. Beste ekimen batzuen artean, Lehen Hezkuntzako neska-mutilek ‘pote batean’ gorde ebezan bakeagaz eta alkartasunagaz lotutako berba guztiak.

Comparte