Aurtengo Begoñazpi Ikastolako ‘Gazte Role Model ’ Sariaren XIV. edizioko sarituak: Iraia Iturregi entrenatzaile eta futbolari ohia eta  Iñaki Garcinuño enpresaria

  • Hezkuntza alorrean eredu dan sari honen helburu nagusiak, ikasleentzat hobetzeko ahalegina zein gizarte konpromisoa eredu izango dauan saritu bien lana aintzat hartzen da.
  • Epaimahaia, CEBEK, Innobasque, SPRI, Bizkaiko Foru Aldundi eta Elizbarrutiko Ikastetxeetako arduradunek osatzen dabe.
  • Begoñazpi Ikastolako zuzendaria dan Merkat Bernaolak hauxe  adierazi  dau: “Pertsona moduan zein lan ibilbidean benetako eredu diran pertsonak badagozala erakutsi behar dogu”.
  • Saria, Nestor Basterretxea eskultoreak Ikastolari egindako eskultura, Begoñazpi Ikastolan zemendiaren 14an izango dan ekitaldian emongo da.

Bilbo, 2023ko zemendiaren 9a. Gazte Role Model Saria, Bilboko Begoñazpi Ikastolak balore profesional eta gizarte konpromisoa saritzeko urtero emoten dauan saria da. XIV. edizio honetan,  entrenatzaile eta futbolari ohia dan Iraia Iturregik eta enpresari eta CEBEK-Bizkaiko Enpresarien Konfederazioko presidente ohia dan Iñaki Garcinuñok jasoko dabe ezagutza eta esker ona.

Iraia Iturregik “gizarte konpromisoa” kategoriari jagokon saria jasoko dau. Iñaki Garcinuñok, barriz, “eredu profesionala” kategoriari jagokona. Sari bi honeek dira ezagutza eta esker ona aintzat hartzen dabenak.

Euskadiko lan eta gizarte-ibilbideko zazpi kide garrantzitsuk osatutako epaimahaiak, Iraia Iturregiren (Bilbo, 1985) pertsona zein lan munduko ibilbidea nabarmendu dau, Athleticekin 100 partida bete dauzan historiako lehen emakume futbolaria (guztira 402 partida jokatu ebazan), emakumezkoen futbol selekzioko kidea, aurten arte Athleticeko emakumeen entrenatzailea eta egun, Baskoniako talde teknikoko kidea.

Athleticen partida gehien jokatu dauan hirugarren jokalaria, Iturregi talde bilbotarraren historia ezezik, familia zuri-gorrian, erreferente be bada. Jokalari eta entrenatzaile izateaz gain, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Goi-mailako Kirolean be masterra dau.

Beraz, epaimahaiak Iturregiren “aurrea hartzeko gaitasuna, etorkizunarekiko ikuspegia, futbol-zelaian erakutsitako balore sendo zein garbiak eta gizonezkoen esparruan emakumeentzako lekua irekitzeko erakutsitako ausardia” nabarmendu dauz.

Ardura eta konpromisoa

Garcinuño Grafiko taldeko presidentea dan Iñaki Garcinuñoren (Bilbo, 1972) kasuan, epaimahaiak honen ardura, jarduera profesionala, inguruarekiko konpromisoa eta balore humanistak azpimarratu dauz.

Garcinuño, Ekonomia Zuzenbidean graduatua da. 1996an, Banco de Vasconia bankuan lan egin ondoren, Garcinuño Comunicación Gráfica familiaren enpresan hasi zan lanean. 1999an enpresaren gerentzia hartu eban eta 2008an Bizkaiko Arte Grafikoen Elkarteko presidente izendatu eben. 2009an, CEBEKeko batzorde exekutiboko zuzendaritza-batzordeko kide izan bazan be, 2013an presidente hautatu eben, 2021era arte bete dauan kargua.

Epaimahaikideek honen lan-ibilbidea, hainbat erantzukizun edota arduratan izandako lidergoa, lan egiteko dauan adorea zein ausardia, enpresa-sorkuntzari emondako bultzada eta bai Bizkaian, bai Euskadin landu nahiz garatutako hainbat ekimen azpimarratu dauz.

Horregaitik guztiagaitik, hamalaugarren edizio honetako epaimahaiak saridun bien lan profesional eta humanitarioa aitortu dau. Begoñazpi Ikastolako zuzendaria dan Merkat Bernaolak hauxe azaldu dau: “Barrikuntza eta giza hartu-emon  esparruan, sarituon lana jarraitu beharreko eredua izango da gazteentzat, lana behartsuenekiko solidaritatean eta autorrealizazio profesionaltzat hartuz”.

Jakin, Gazte Role Model Sariaren XIV.edizioko epaimahaia Euskadiko enpresa eta gizarte arloko zazpi profesional nabarmenek osatu dabela. Honako honeek dira: Izaskun Artetxe, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapen Saileko idazkari tekniko ekonomikoa; Aitor Cobanera, SPRIko Teknologia eta Barrikuntza zuzendaria; Leire Bilbao, Innobasque, Barrikuntzarako Euskal Agentziako zuzendaria; Carolina Pérez Toledo, CEBEK, Bizkaiko Enpresarien Konfederazioko presidentea; Gaspar Martínez, Bilboko Elizbarrutiko gai eta ondasun kulturalen arduraduna; Nerea Begoña, EBI-Elizbarrutiko Ikastetxeak sareko zuzendari nagusia eta Merkat Bernaola, Begoñazpi Ikastolako zuzendaria.

Epaimahaikideen esanetan,“Gazte Role Model Saria”ren XIV. edizioko sarituak ikasleentzat, enpresa eremuan, garapen profesionalean eta gainerakoei erakutsitako portaera eta jokabide positiboagaitik, eredu zehatzak dira”. Eta horixe da 2008tik aurreraBilboko Eleizbarrutiko EBI sarearen mende dagoan 1.700 ikasle baino gehiago dauan Bizkaiko ikastola honek emoten dauan sariaren azken helburua.

Ikasleentzako esperientzia

Sarituek, euren esperientzia Ikastolako geletara hurreratuko dabe. Ikasturtean zehar, euren bizitzako une zein gertaera garrantzitsuak azalduko deutsiez ikasleei, bai enpresa munduan hobetzeko baloreak, bai behartsuenekiko gizarte eta lan-humanitarioen baloreak irakasteko.

Holan dala, sarituek hezkuntza, fantasia eta mugimendua sinbolizatzen dauzan Nestor Basterretxea eskultore bizkaitarrak sortutako estatuatxo originala, hau da, “Gazte Role Model Saria” jasoko dabe. Ekitaldian, Ikastolak azken hamalau urteotan sariok izan daben garrantzia be gogoratuko dau.

Comparte