Artxandape Ikastolak saria jaso dau «Bilbao Balioen Sariak» ekimenaren laugarren edizioan.
Sari honeekin, alkarbizitza hobea lortzen laguntzeko eta Bilboko Balioen Agiriaren balioetakoren bat sustatzen dabenen lana eta konpromisoa balioetsi eta publikoki aintzatesten dau Bilboko Udalak.
Sariak eguaztenean, apirilaren 27an, banatu dabez, udaletxeko Arabiar Aretoan, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak zuzendutako ekitaldian, non Oihane Agirregoitia Herritarren Arretako eta Partaidetzako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotzia eta Udalbatzako beste ordezkari batzuk be egon diran.
Saritutako ekimen bat Artxandape Ikastolarena da. Bere izenburua da ‘Ohar gaitezen: kontziliazio eta erantzukidetasunerantz, genero-bardintasunetik abiatuta’. Horren barruan, ikastolako ikasleek zuzendutako Eguzkimoreak talde feministak prestakuntza-saioak eskaini dauz, genero-bardintasunaren alorreko aditu baten eskutik, gizonen eta emakumeen artean dagozan berdintasun ezak identifikatu eta ikusarazteko beharrezko gaitasunak garatzeko.
Prestakuntza horrek talde eragile bihurtzen dauz, bai eskuratutako ezagutzak hezkuntzako gainerako eragileei helarazteko, bai gainerako ikasleak informatu eta sentsibilizatzeko.
Epaimahaiak nabarmendu dau proiektu honek genero-berdintasunaren balioagaz dauan «konpromiso sendoa».
Sariaren 3.300 euroei esker, proiektuak aurrera egin ahalko dau, helburu bera daben ekintza gehiagokaz.