- Bizkaiko Foru Aldundiak eta EBI Elizbarrutiko Ikastetxean sarearen barruan dagoan Zulaibar Lanbide Ikastegiak 5,3 millioi euro inbertituko dabez instalazio barrietan.
- Campus Zulaibar lanbide heziketako ikastegiaren instalazioetan kokatuko da, Zeanurin, Arratiako enpresei zerbitzua emongo deutse eta ikastegiaren hezkuntza eskaintza handituko dau.
- Gune berriak 3.500 metro karratu hartuko dauz, eta galdaragintza fineko tailer aurreratu bat, diseinuko eta prototipaketako fabrikazio aurreratuko ziklo bat, errendimendu handiko fabrikazioko tailer konektatu bat edo Smart Factory 4.0 bat izango dauz, besteak beste.
ZEANURI, 2022ko martiaren 7a. Arratiako haranak dinamizazio sozioekonomikorako erakargune barria izango dau datorren ikasturtetik aurrera Zulaibar Lanbide Ikastegiko instalazioetan, Zeanurin. Eskualdearen lan eta enpresa sustapena eta eskaintza, LHko ziklo barrien hezkuntza eskaintza eta ekintzailetza eta nazioartekotzea biderkatuko dauz, eta barrikuntza eta heziketa eskaintza aukera barriak emango deutsiez Arratiako enpresei.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Zulaibar ikastegiak berak finantzatutako Campus Zulaibar deitutako proiektuak 5,3 millioi euroko aurrekontua dau eta Zulaibarko egungo instalazioetan kokatuko da, frontoia eta aparkalekua kokatuta dagozan aldameneko guneak erabiliz. Guztira, Campus Zulaibarrek 3.500 metro karratuko lursaila hartuko dau.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak, Joseba Segura Bilboko gotzainak, Xabier Aldama Zulaibar Arratiako Lanbide Ikastegiko zuzendariak eta Iratxe Goikoetxea Errota Fundazioko koordinatzaileak aurkeztu dute gaur goizean proiektua. Proiektuaren obrak hasi dira eta, aurreikuspenen arabera, 2022-2023 ikasturtearen hasieran jarriko da abian.
“Haran honen etorkizunerako oinarri barriak alkar hartuta jarri doguz baina, azpiegituren ganetik, arratiarrak izango dira proiektu honi benetako zentzuna emongo deutsienak“, azaldu dau Bilboko gotzainak.
Bizkaiko ahaldun nagusiaren esanetan “campus honek eraldatzeko gaitasuna eta dinamismo ekonomikoa ekarriko deutsoz eskualdeari. Zulaibar campusak lehiakortasun-palanka gisa jardungo dau. Zuen guztien laguntzagaz, Errota Fundazioa, udalerriak eta enpresak, benetako talentu- eta barrikuntza-poloa izango da. Etorkizuneko fabrikaren eta industria adimendunaren jatorria”.
Abangoardiako ekipamendua
Ekimenaren sustatzaileek azaldu dabenez, Campus Zulaibarrek “abangoardiako ekipamendua izango dau talentuaren eta enpresen esku”. Zulaibar Campus barriak, zehazki, galdaragintza fineko tailer aurreratu bat, diseinuko eta prototipatuko fabrikazio aurreratuko ziklo bat, errendimendu handiko fabrikazioko tailer konektatu bat, Smart Factory 4.0 bat (automatikoko eta robotikako laborategi aurreratua), pertsonen autonomia sustatzeko laborategi bat, balerietako saiakuntza-laborategi bat edo enpresei zuzendutako entsegu elektrikoen banku bat izango dauz, beste instalazio barritzaile batzuen artean.
Gune berri hauek, aldi berean, erabilera akademikoa eta enpresariala izango dabe. Holan, bai egungo zikloetako bai ziklo barrietako ikasleei zerbitzua emango deutsie, eta erabilgarri egongo dira enpresentzat negozio barriak abian jartzeko, euren profesionalen espezializazioa bultzatzeko edo langileen prestakuntza birziklapena sustatzeko.
Ildo horretan, Campus Zulaibarrek co-working gela bat eta empresen mintegi bat izango ditu be, baita bilera eta bideokonferentzia gelak, lan-aretoak eta hainbat ikasgela-tailer be.
Era berean, proiektuak harremanak eta balio-kateak sortuko dauz Arratiako enpresen artean, sortzen ari diran sektoreen bultzadari eta trakzioari esker, hala nola elektromugikortasuna, baterien fabrikazioa eta kudeaketa, metalmekanikaren sektorea, sektore elektrikoa/elektronikoa edo sektore soziala, pertsonen autonomia sustatzeko joera barriak sortzera zuzendua, eta horrek, aldi berean, Bizkaiko Aldundiaren gizarte-ekintzako estrategia osatuko dau.
Proposatutako helburuen artean, proiektuak aurreikusten dau urtean behin enpresa barri bat abian jartzea eta Arratiako 25 enpresek Zulaibarko instalazioetan hainbat jarduera barritzaile garatzea. Gainera, irakaskuntzaren arloan, Campus Zulaibarrek, aurreikuspenen arabera, gaur egun emoten diran heziketa-zikloak handituko dauz eta ikasleen prestakuntza hobetuko dau gradualki.