Aldaketa EBI sareko hiru ikastetxetako zuzendaritzan

EBI sareak hiru zuzendaritza barriekaz ondo etorria emon deutso 2023-2024 ikasturteari: Barakaldoko La Inmaculada, Santurtziko Patronato Santa Eulalia eta Sodupeko Avellaneda Ikastetxea.

Holan, Egokiñe Angulo izango da Barakaldoko La Inmaculada ikastetxeko zuzendari barria. Ikastetxe hau, joan dan urtarrilean batu zan Eleizbarrutiko ikastetxeen EBI sarera. Zuzendari barria Gizarte Hezkuntzan diplomatua da, Psikopedagogian lizentziaduna eta heziketa-orientazioko espezialitateko irakasle masterra dau. Dioenez, bere lan-ildo nagusiak hezkuntza komunitate sendoa sortzera, sare lanera, aniztasunari arreta emotera eta ikastetxea euskalduntzera bideratuko dauz.

Santurtziko Patronato Santa Eulalia ikastetxeak, barriz, ikasturte honetatik aurrera zuzendaritza partekatua izango dau. Gaur egun zuzendari dan Juan Carlos Torrellasek eta Patronatogaz bat egin dauan Hijas de la Cruz ikastetxeko zuzendaria izan dan Ainhoa Castañedak zuzenduko dabe erakundea. Castañedak, Matematikan lizentziaduna dan santurtziarrak, barrikuntza proiektu handi honi pozez, gogo biziz eta dedikazioz aurre egiten diola adierazi dau.

Bestalde, Ianko Intxaurrandietak zuzenduko dau Avellaneda Ikastetxea ikasturte honetatik aurrera , Mª José Larrondoren lekua hartuz. Ianko Intxaurrandieta Magisteritzan diplomatua da, Gorputz Hezkuntzan espezializatua, eta Ingelesa irakasteko gaikuntza dau. 2000. urteaz geroztik, Avellaneda Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako etapetan egin dau bere irakaskuntza lana, orain arte irakaslea eta Lehen eta Haur Hezkuntzako ikasketaburua izanik. Gainera, 2011tik Zuzendaritza Taldeko kide da. “Enkarterrin erreferentziazko zentroa izaten jarraitu nahi dogu, hezkuntza-proiektu barritzaile, sendo eta kalitatezkoagaz”, azaldu dau.

Orain arte Avellanedako zuzendaria izan dan Mª José Larrondo Elorrietak 2018an hartu eban zuzendaritza, ikasketaburua izan ondoren. “Afrikako esaera zaharrak dioen bezala, tribu osoa behar da ume bat hezteko. Proiektuak aurrera eroateko talde bat, tribu konprometitu bat, behar dala eta funtsezkoa dala ikasi dot. Taldekideei esker amets batzuk betetzen dira”, dio.

Comparte