1.000 ikasle inguruk proiektu zientifikoak aurkeztu dabez III. EBI STEAM Azokan

EBI sareko ikastetxeetako 1.000 ikasle inguruk EBI STEAM Azokaren hirugarren edizioan parte hartu eben urtarrilaren 18an. Azoka zientifiko-artistiko honetan, adin guztietako ikasleek -Haur Hezkuntzatik Batxilergora eta Lanbide Heziketakoak- STEAM (zientziak, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika, ingelesezko siglen arabera) diziplinei lotutako 50 proiektu inguru aurkeztu ebezan. Diziplina honeek, egungo hezkuntzan, ezinbestekotzat jotzen dira.

Ekitaldia Ortuellako San Felix Ikastolako instalazioetan egin zan. Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Joseba Segura Bilboko gotzainak, Paulo Nebreda Ortuellako alkateagaz batera, inauguratu eben ekitaldia. Ondoren, eta goiz osoan zehar, ikasleek eta irakasleek zientzia, teknologia eta arte-proiektuak azaldu eta aurkeztu ebezan.

Auto elektrikoak, robotak, mineralogia, errealitate birtuala, energia alternatiboak eta hezkuntza bideo-kontsolak izan dira proposamenetako batzuk.

Holan, azokak helburu bikoitza dau. Alde batetik, hezkuntza sareak bokazio zientifikoak sortu eta bultzatu nahi dauz ikasleen –mutil nahiz nesken- artean, eta, bestetik, azken urteetan ikastetxe eta ikastoletan ezarritako metodologia barritzaileen, nagusiki egitasmo eta erronketan oinarritutako irakaskuntzaren, emaitzak erakutsi. 

Comparte